GAUR8

1,68 milioi euro jasoko du EHUko HiTZ zentroak arlo digitalean euskararen presentzia bultzatzeko

Hizkuntza teknologien ikerketan sakondu nahi duten bi proiektuk jasoko dute Lakuako Gobernuak EHUko HiTZ zentroari bideratutako 1,68 milioi euroak: Iker-Gaitu egitasmoa, teknika berriak ikertzeko, eta Clariah-Eus sarea, osatu eta sendotzeko. 

Irudian, Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza sailburua, Eva Ferreira EHUko errektorea eta Eneko Agirre HiTZ zentroko zuzendaria.
Irudian, Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza sailburua, Eva Ferreira EHUko errektorea eta Eneko Agirre HiTZ zentroko zuzendaria. (UPV/EHU)

Lakuako Gobernuaren 1.680.000 euroko dirulaguntza jaso berri du EHUko HiTZ zentroak, eremu digitalean euskararen presentzia handitzeko. Teknika berrien ikerketa eta hizkuntza teknologiaren inguruko sarea indartzea izango dira helburuetako batzuk.

Euskarak plano digitalean duen erronkaren inguruan, EHUk azaldu du testuzko eta ahozko datu-masa erraldoiak eskatzen dituztela teknologia berriek. «Aldiz euskarak eta hizkuntza txikiagoek eskaini ahal dituzten datuak ez dira nahikoak gaur egun teknologia horiek behar adina kalitate izateko», agertu dute zailtasunen gainean.

Nabarmendu dutenez, horren aurrean «ezinbestekoa da hizkuntza teknologian ikertzea, euskarak gero eta ohikoagoak izango diren teknologietan presentzia izateko eta beste hizkuntzen parera eramateko».

Lakuaren laguntza ekonomikoa bi proiektutara bideratuko da: Iker-Gaitu hizkuntza teknologiak ikertzeko teknika berriak lortzeko egitasmora, 1,5 milioi jasoko duena, eta Clariah-Eus sarea proiektua osatu eta sendotzeko. Azken honek 180.000 euro jasoko ditu.

Hizkuntza teknologiak ikertzeko proiektuaren barruan, euskararen gaitasun maila, idatzizkoa eta ahozkoa, era automatikoan antzemango duen sistema garatu nahi dute, desgaitasuna duten pertsonentzako teknologiak edota ahots espontaneoaren transkripzioa hobetzeko sistemak.

137 ikertzaile eta 11 ikerketa talde

‘Clariah_eus 137’ egitasmoaren kasuan, 137 ikertzailek eta euskara ikertzen ari diren 11 ikerketa talde edo erakundek babestutako sarea da, pertsonak, datuak, baliabideak eta tresnak biltzen dituena.

Finantziazio berriari esker, lau ikerlarik koordinatuko dute proiektua eta sarea bera hornituko dute eduki berriekin. Erabiltzaileen arteko lankidetza sustatzea eta ikertzaileen eskaerak bideratzea beste bi erronka izango dira.

Azpimarratu dutenez, Europako Clarin-Eric eta Dariah-Eric azpiegitura zientifikoen parte da euskal sarea eta horrek aukera emango die ikertzaileei «Europako azpiegitura horietan dauden baliabide eta tresna guztiak eskuratzeko», azaldu dutenez.