GAUR8

Ikastetxeetan adikzioak prebenitzeko programa garatzeko hitzarmena sinatu du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak

Ilundain Haritz-berri Fundazioak adikzioak prebenitzeko programak garatuko ditu Nafarroako ikastetxeetan, Hezkuntza Sailarekin sinatutako hitzarmenari esker. Detekzio goiztiarra eta hainbat arlotan eragiteko asmoa dira programaren ardatzetako bi.

DBHn, Batxillergoan eta Lanbide Heziketan garatuko dituzte kontsumoak prebenitzeko programak.
DBHn, Batxillergoan eta Lanbide Heziketan garatuko dituzte kontsumoak prebenitzeko programak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak eta Ilundain Haritz-berri Fundazioak ikastetxeetan adikzioak prebenitzeko programa gauzatzeko hitzarmena sinatu dute.

2014. urtetik estrategia desberdinak biltzen dituen proiektua garatzen du fundazioak adin txikikoei zuzenduta, «Drogarik gabe heztea: kontsumoak prebenitzea eta tratatzea» goiburupean.

Bigarren Hezkuntzako, Batxillergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeen premietara egokitutako ezagutza, metodologia eta tresnak eskaintzen ditu. Adin txikikoen adikzioak goiz detektatzea, arrisku taldeekin kontsumoak prebenitzeko tailerrak diseinatzea eta tutoretzetan banakako esku hartzeak egitea ahalbidetzen du programak.

Programa bederatzi ikastetxetan jarriko da abian ikasturte honetan eta 8.400 ikasle inguruk jasoko dute.

Prebentzio estrategien barruan, zaurgarritasun egoeran dauden gazte eta adin txikikoei zuzendutako programak garatuko dituzte, detekzio goiztiarra lantzeko eta hainbat arlotan lan egiteko. Izan ere, familia, arlo afektiboa, aisialdia edota hezkuntza arloa aipatzen ditu protokolo horien aplikazioari dagokionean.

Gizarte eta kultura aldaketarako prozesuak dinamizatzea izango da ekintzen helburuetako bat. Horrekin batera, adikzioak prebenitzeko eta osasuna sustatzeko ezagutza eta metodologia hobetzea dira beste erronketako batzuk. Ildo horretan, eskola komunitateko eragile ezberdinei osasuna ulertzeko gakoak eskaintzearen garrantzia azpimarratu dute.