GAUR8

Karrantzan eta Bilbon egongo dira ikusgai ‘Ondo Bizi Arte’ egonaldian sortutako lanak

Muturbeltz proiektuak garatzen duen ‘Ondo Bizi Arte’ egonaldi artistikoak emandako arte lanak Karrantzan bertan, urriaren 13ra arte, eta Bilbon ikusi ahal izango dira, ‘Bulegoa z/b’ espazioan, urriaren 24tik 28ra.

Erakusketak iragartzen dituen kartela, irudian.
Erakusketak iragartzen dituen kartela, irudian. (Turismo Karrantza)

Karrantzako Kultur Etxean eta Bilboko Solokoetxe auzoko ‘Bulegoa z/b’ espazioan ikusi ahal izango dira Muturbeltz proiektuak antolatzen duen ‘Ondo Bizi Arte’ egonaldi artistikoak emandako lanak.

Egitasmoak sorleku duen Karrantza herrian, urriaren 13ra ate egongo da ikusgai, Kultur Etxean, eta urriaren 24tik 28ra bitartean, Bilbon, Bulegoa z/b espazioan.

Elkarbizitza, burujabetza edota jasangarritasuna ardatz izan dituen egonaldiaren VII. edizioa izan da aurtengoa. Urtero bi erakusketa antolatzen dituzte egonaldian garatutako arte lanak ezagutzera emateko. Horietako bat Karrantzan egiten da eta bigarrena Bizkaiko hiriburuko espazio batean programatu ohi dute.

Naturari lotutako sormena

Adrian Pepe eta Irene Infantes artisten ehun lanak nabarmendu dituzte. «Feltro beltzezko pieza bat sortu du, eta erabaki zuen aire zabalean uztea gure haranean, uda amaitu arte, naturari beraren eraldaketan eragina izaten utziz», aurreratu dute Peperen sormen lanaren inguruan.

Irene Infantesen lanari dagokionez, «Karrantzako ardiei ilea mozteko prozesuan inspiratuz, feltrozko obra bat sortu zuen, beroa erabiliz, bere diseinuan eskuaren, sokaren eta korapiloaren arteko elkarreragina esploratuz», azaldu dute.

Erakusketarekin batera elkarrizketa multzo bat aurkeztuko da, esperientzian parte hartu duten artista guztien gogoetekin. Era berean, Lala de Dios ehun-artearen arloko komisario eta aditu ospetsuaren parte hartzea nabarmendu dute.

‘Ondo Bizi Arte’ ekimenari amaiera emateko, parte hartzaile guztien gogoeta teorikoak jasotzen dituen argitalpena aurkeztuko da urriaren 28an, baita Maider Lopezek egindako ikerketa artistikoko proiektua ere.