GAUR8

Mondragon Unibertsitateko ikerlan bat saritu dute, ibilgailu elektrikoen inguruko ekonomia zirkularrari buruzko lanagatik

Mondragon Unibertsitateko Ekonomia Zirkularreko eta Industria Jasangarritasuneko Taldeko ikertzaileek saria jaso dute Txilen, motor elektrikoen bateriei lotutako ekonomia zirkularra lantzen duen ikerlanagatik.

Mondragon Unibertsitateko ikertaile sarituak, irudian.
Mondragon Unibertsitateko ikertaile sarituak, irudian. (Mondragon Unibertsitatea)

Ahozko aurkezpen onenaren saria jaso du Mondragon Unibertsitateko ikertzaile talde batek Txilen, Lationamerikako Bizi-Zikloa Aztertzeko X. Nazioarteko Konferentzian, motor elektrikoen baterien inguruko ekonomia zirkularrari buruzko lan batekin.

Ekonomia Zirkularreko eta Industria Jasangarritasuneko Taldeko ikerlariak dira saria jaso dutenak, ‘Ibilgailu elektrikoen baterien bizi zikloaren diseinu zirkularrean eta kudeaketan erabakiak hartzen laguntzeko gida: zirkulartasuneko irizpideak eta adierazleak’ izeneko lanagatik.

Doktore tesi baten barruan landuta

Juan Manuel Fernandez eta Dani Justel ikertzaileek Aitor Picatoste doktoregaiarekin batera landutako ikerlana da, eta lehen ikertzaile biek egin zuten aurkezpena Txilen.

«Enpresetako ingeniariei, diseinatzaileei eta managerrei laguntzea» da lanaren helburua, baterien bizi zikloaren eta etapa guztietan «produktuaren jasangarraitasunari holistikoki errepara diezaioten», azaldu du unibertsitateak ohar batean.

Guztira 130 lan aurkeztu ziren aipatutako konferentzian, eta argitalpenik onenaren saria jaso zuten euskal ikertzaileek. Unibertsitateko, ikerketa zentroetako, gobernuz kanpoko erakundeetako, gobernuetako eta industria eta enpresetako ordezkariak biltzen dira bi urtean behin egiten den ekitaldi horretan.