GAUR8

Aranzadiren eskutik urmaela sortzeko proiektua jarri du abian Lezoko Institutuak

Urmaela sortzeko proiektua jarri du abian Lezoko Institutuak, Eskoletako Urmael Sarearekin bat eginez. Hezegune berriak biodibertsitatearen ikuspuntutik duen garrantziaz gain, duen alderdi didaktikoa eta esperientzien trukaketaren aldetik eskaintzen duen eskolen arteko lotura nabarmendu dituzte.

Urmaela sortzeko prestaketa lanak Lezon.
Urmaela sortzeko prestaketa lanak Lezon. (Lezoko Udala)

Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatzen duen Eskoletako Urmael Sarea proiektuan parte hartzeko asmoa azaldu du Lezoko Instituak, eta instalazioetatik gertu hezegunea sortzeko egitasmoa aurkeztu du Udalean, udal iturriek jakitera eman dutenez.

Altamira parkeko eremu publikoan egongo da kokatuta, eta proiektua azaltzeko bilera egin dute auzoko bizilagunekin, informazioa zuzenean eman eta sor daitezkeen zalantzak eta kezkak argitzeko.

Eskolen arteko lotura

Ingurune naturalarentzat habitat berri bat sortzeaz gain, eskoletako Urmael Sareak erabilera didaktikoa du. Urmaelen inguruan naturala berehala aktibatzen da, eta prozesu hori zuzenean jarraitu dezakete ikasleek, aldi berean hainbat jarduera didaktiko burutuz. Eskolen arteko lotura ere sustatzen du sareak, esperientziak partekatzeko aukera eskaintzen baitu.

«Urmaela sortzea ingurumenaren eta biodibertsitatearen aldeko pausu garrantzitsua ematea da», azaldu du Udalak esperientziak duen proiekzioa nabarmenduz.

Erantsi duenez, «urmaelak hezkuntzan ekosistemaren eredu bilakatu dezakete eskola inguruko eremuan, funtzionamendu ekologikoaren inguruko kontaktu zuzena ahalbidetzen duen ikerketa eta behaketa jarduera ezberdinak egiteko».