GAUR 8
Gaur X urte

Tasio Erkizia ezker abertzalearen kide historikoak 80 urte bete ditu gaur

Tasio Erkizia ezker abertzalearen kide historikoak eskarmentu luzea du politikagintzan, betiere ezker abertzalearen inguruan. Gure historia gertuko aktorea izan da, aktore bizi eta konprometitua gainera, Lesakan, 1943ko urriaren 23an, jaio zen gizon handi hau.

Tasio Erkizia, 2017an, Gure Eskuren ekimen batean.
Tasio Erkizia, 2017an, Gure Eskuren ekimen batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Historia liburua edo biografia soila baino, gure herriaren ernatze nazionalean parte hartu duen asanbleario antolatu baten lekukotasun pertsonal eta politikoa da hau». Hala definitu izan du Tasio Erkiziak bere autobiografia –‘Bizipenak eta hausnarketak’ (Txalaparta, 2016)–, eta hala defini daiteke ere bere bizitza.

Eskarmentu luzea du gure herriaren Tasio Erkizia. Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko kidea izan zen hogei urtez, eta erakundeetan ere aritu izan da: Eusko Legebiltzarreko kide izan zen, eta Bilboko Udalean zinegotzi ibili zen, zazpi urtez.

Konpromiso politikoak errepresioa nozitzea ere ekarri zion. 1975eko maiatzean atxilotu zuten, eta jasandako torturen ondorioz hilzorian egon zen; hiru hilabete eman zuen erietxean. Zazpikan, 2017an Iker Bizkerguenagak egin zion elkarrizketa luze eta sakonean, aipatu zuenez, urteetan «ez dut inoiz horren (torturen) ingurukorik idatzi, eta ondoren ere aipatu dut baina ez dut jazotakoaren inguruan gehiegi sakondu nahi, beldur naizelako nahi ez ditudan sentimendu batzuk birgogoratuko ote ditudan».

1997ko otsailean, berriz, espetxeratu egin zuten, Herri Batasunaren Mahai Nazionala osatzen zuten gainerako kideekin batera, eta bi urte baino gehiago eman zuen kartzelan.

2012an urtebeteko kartzela zigorra eta hamabi urteko inhabilitazioa ezarri zioten epai baten bidez 2008ko Argalaren omenaldi batean ‘terrorismoa goratzea’ leporatuta; aldiz, 2021eko ekainean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen Erkizia bidegabe kondenatzeagatik.

Lanbidez, 1971tik Bilboko Karmelo ikastolan ibili zen irakasle, jubilatu zen arte. Halere, bere konpromisoak ez du erretiroa hartu, eta mobilizazio anitzetan ikusi ahal izan zaio. 2021 urtean, ‘Elikaduraren bidez, herria eraikitzen’ (Txalaparta) argitaratu zuen. Saiakera didaktiko honetan, elikadura estrategikotzat hartzen du, nazio baten ekonomia, osasuna, kultura eta izaera uztartzen dituen esparrua delakoan.