NAIZ

Abian da 55. Jardunaldi Mikologikoa Galdakaon

Peña Santa Cruz elkarteak 55. Jardunaldi Mikologikoari ekin dio asteburu honetan. Ibilaldi mikologikoa, argazki erakusketa eta lehiaketa gastronomikoa egongo dira, besteak beste.

Galdakaoko 55. Jardunaldi Mikologikoa.
Galdakaoko 55. Jardunaldi Mikologikoa. (Galdakaoko Udala.)

Galdakaon betidanik egon da perretxikozaletasun handia eta, gaur egun, erreferente da mikologia munduan. Horretan zeresan handia izan du duela 57 urte Peña Santa Cruz elkarteko perretxikozale talde sutsu batek abiatu zuen ekimena: Perretxiko lehiaketa apal bat antolatu zuen, urterik urte hazten joan dena.

Aitzindari bihurtu da, eta 1966. urtean hasitako bide hori Bizkaiko 55. Jardunaldi Mikologikoetan gauzatuko da datorren astean (pandemia urtean eta 1983ko uholdeetan ez zen egin). Herrian perretxikoen dibulgazio lan horretan buru belarri jarraitzen du Peña Santa Cruz elkarteak, eta Galdakaoko Udalarekin elkarlanean ari da zeregin horretan.

Asteburu honetan ospatuko da. Larunbatean Ibilaldi mikologikoa egongo da herriko ikastetxeetako ikasleekin. Gorbeiako parke naturalera (Sarria) izango da ibilaldia. Basoan perretxikoak bildu, hamaiketakoa egin, Sarriako parketxea bisitatu, eta oparia ere jasoko dute ikasleek. Hiru autobus beteko direla aurreikusten da. Larunbateko 8.30ean abiatuko dira autobusak Peña Santa Cruz elkartearen egoitzatik eta 14.00etan itzuliko dira bertara.

Igandean argazki erakusketa egongo da Galdakaoko Gandasegiko arkupetan, 10.00etatik 13.00era. Ondoren, lehiaketa gastronomikoa izango da: Galdakaoko txokoek, ostalaritza eskolak, zenbait ostalarik eta norbanakok hartuko dute parte lehiaketan, eta onddo nahaskia eta perretxikoekin modu librean egindako platera aurkeztu beharko dituzte.

Aurtengo Programaren aurkezpenean Iñigo Hernando alkateak eskerrak eman zizkion elkarteari «Galdakaon betidanik oso errotuta dagoen zaletasuna mantentzeagatik, Galdakaok berezko duen izaera indartzeagatik, eta herrian saretze lana egiteagatik elkarte zein herritarren arteko joste lanean».

Alfonso Requero Peña Santa Cruz elkarteko Perretxikoen Batzordeko arduradunak, Udalaren laguntza eskertu zuen, eta herriko beste hainbat elkarterekin egiten duen elkarlana goratu, taldeak aipatuta: Fungipedia Mikologia Elkartea, Andra Mari Dantza Taldea, Adiskide Pilota Elkartea eta Galdakaoko Udala.