GAUR8
Gaur X urte

Gaur 21 urte hil zuen Rachel Corrie Israelgo armadak

Israelen jokaera krudela ez da berria. Duela 21 urte hil zen Rachel Corrie ekintzaile estatubatuarra, 24 urte zituela. Induskailu batekin zapaldu zuen Israelgo armadak Gazan-en burutzen ari zen protesta baketsu batean.

Rachel Corrie, induskailu bati era baketsuan aurre egiten.
Rachel Corrie, induskailu bati era baketsuan aurre egiten. (Wikimedia Commons)

Gaurko egunez hil zuen Israelgo armadak Rachel Corrie ekintzaile estatubatuarra Gazan. Olympian, AEBn. jaio zen 1979ko apirilaren 10ean eta Nazioarteko Elkartasuneko Mugimenduko kidea zen. Israelgo armadako bulldozer batek azpian hartuta hil zen Gazako zerrendan, etxe palestinar baten aurrean belauniko zegoela, giza ezkutu gisan, armadak etxea eraistea galarazteko asmoz.

2003ko martxoaren 16an, Israelgo armada Gazan burutzen ari zen operazioaren aurkako protesta batean, Rafah-en, Corrie Israelgo armadaren Caterpillar D9 bulldozer bat gerarazten saiatu zen, baina hark zapalduta hil zen. Bere heriotzaren xehetasunak ez ziren sekula argitu eta era guztietako bertsioak eman zituzten. Israelgo armadak adierazi zuen bulldozerren gidariak ikuspegi mugatua daukatela, baina Nazioarteko Elkartasuneko Mugimenduko lekukoek, berriz, salatu zuten deusek ez zuela oztopatzen gidariaren ikusmena.

Amnistia Internazionalak Corrieren heriotza kondenatu zuen eta ikerketa eskatu zuen: «... Israeldar armadak 3.000 palestinar etxebizitza baino gehiago eraitsi ditu lurralde okupatuetan, bai nekazalgune, jabego publiko eta pribatu eta baita gune urbano eta landako akuedukto eta elektrizitate infraestrukturak ere. Demolizioetan erabilitako makinariak palestinar zibilak hil ditu, baina ez da sekula ikerketa sakonik egin...».

Egun, argitu gabe jarraitzen du heriotzak. Israelen ikerketa militarrak istripu bezala hartzen du, baina han zeuden lekukoek nahita zapaldu zutela diote. Gazan hildakoak milaka eta milaka diren honetan, ez dago gaizki Israelen ankerkeria aspalditik datorrela gogoratzea.