GAUR8
Gaur X urte

Gaurko egunez 1911an New Yorkeko Triangle Shirtwaist fabrikako sutea izan zen

Estatu Batuetako New York hirian biktima gehien izandako industria istripu larriena duela 113 urte gertatu zen, gaurko egunez. 1911ko martxoaren 25ean hiri honetako Triangle Shirtwaist lantegia erre zen, 146 hildakorekin, batez ere emakume gazteak.

New Yorkeko suhiltzaileak Triangle Shirtwaist lantegiko sutea itzaltzen.
New Yorkeko suhiltzaileak Triangle Shirtwaist lantegiko sutea itzaltzen. (Wikimedia Commons)

Gaurko egunez New York hiriko Triangle Shirtswaist fabrikako sutea izan zen, 1911ko martxoaren 25ean. Hirian biktima gehien izandako industria istripu larriena da 146 pertsona hil baitziren, 123 emakume eta 23 gizon.

Oihalgintzako fabrika bat zenez, biktima gehienak emakumeak edo neska gazteak izan ziren, suak erreta, keak itota edo fabrikaren zatiak gainean jausi zitzaizkielako hil ziren. Batik bat Ekialdeko Europatik eta Italiatik etorritako langileak ziren, batez beste 14 eta 32 urte bitartekoak. Hildakorik zaharrenak 48 urte zituen eta gazteenak 14.

Suhiltzaileek egindako txostenaren arabera, sutea denbora luzez hustu gabe zegoen oihalen ontzi batean hasi zen, bertara botatako gaizki itzalitako zigarro batengatik. Hala ere, ‘The New York Times’ egunkariak argitaratu zuenaren arabera, sutea josteko makina baten motorrean hasi zen.

Sutea hasi zenean, eskaileretako eta irteteko ateak itxi zituzten arduradunek, langileek ez lapurtzeko neurri gisa. Hori dela eta, barruan harrapatuta geratu ziren eta batzuek kalera salto egin zuten leihoetatik. Fabrika eraikin handi baten zortzigarren, bederatzigarren eta hamargarren solairuetan zegoen.

Istripuaren ondorioz, lantegi honen eta beste askoren lan baldintza txarrak eta segurtasun neurri eza azaleratu ziren. Beraz, AEBetako Segurtasun eta Lan eta Fabrikako Osasun Araudia moldatu zuten eta Nazioarteko Oihalgintzako Emakume Langileen Sindikatua sortu zen.