GAUR8

Nanomaterialak eta kultur ondarea babesteko estaldurak garatzeko erronka

Nanomaterialak erabiliz kultur ondareak babesteko estaldurak garatzeko ikerketa proiekturako beka jaso du Aranzazu Sierra CIC nanoGUNE zentroko ikertzaileak. Inpaktu esanguratsuko ikerlana da, eraikin historiko zein garaikideen kontserbazioari begira.

Aranzazu Sierra Gonzalez ikertzailea, irudian.
Aranzazu Sierra Gonzalez ikertzailea, irudian. (CIC nanoGUNE)

Kultur ondarearen babeserako materialen ikerkuntza garatzeko beka jaso du Aranzazu Sierra Fernandez CIC nanoGUNE zentroko ikertzaileak, La Caixa Fundazioaren doktoretza osteko Junior Leader programaren bitartez.

«Proiektuaren helburua da ondasun kulturalak kontserbatzeko estaldura babesleak garatzea, eta bereziki erresistentzia, zailtasuna, iraunkortasuna eta eraikuntza-materialekiko bateragarritasuna landuko dira», azaldu du ikerketa zentroak.

Ondarea kontserbatzeaz gain, babeserako estaldura horiek erabilgarriak izan daitezke eraikuntza industrian. Zehaztu dutenez, erresistenteak eta iraunkorrak diren estaldurak bilatzen dira, kontuan hartuta ingurumen kondizio gogorrei ere aurre egin behar dietela.

Osagai organikoak eta ez organikoak uztartuta, «kalte hasi berrietan –adibidez, mikropitzadurak eta gainazalaren higadura– autokonpontzeko gaitasuna duen sistema hibrido bat inplementatzea» da erronka, egitura historikoen eta garaikideen bizitza-luzera zabaldu eta mantentze-premiak murriztuz.

Soluzio praktiko eta efektiboak

Autokonponketaren eremu horretan aurrerapenak egin dira polimeroak erabiliz, baina eraikuntza materialetarako mekanismo efizientzia mugatuarekin. Horregatik, sakonago aztertzearen beharra nabarmendu dute, «erronka horiek gainditu eta autokonponketa soluzio praktiko eta efektibo gisa sendotzeko».

Sierraren eskuetan dagoen proiektua, hain zuzen ere,  erronka horretara bideratuta dago: «ekintza autosendatzaileko eta antimikrobiano estaldura hibrido funtzioaniztunak, eraikuntza materialetarako egokiak, diseinatu eta sortzeko».

Aranzazu Sierrak berak zehaztu duenez, «proiektuaren epe luzerako helburua da estaltze-teknologia babesle bat sortzea, moldakorra, errentagarria eta ingurumena errespetatzen duena, gure ondare eraiki kulturala eta eraikuntza modernoak babesteko; lan horrek inpaktu esanguratsua izan dezake ondare historikoaren kontserbazioan eta eraikuntza jasangarrian».