GAUR8

Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko trenen denboraldia hasiko du hamar zirkulazio berezi eskainiz

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak ateak zabalduko ditu egunotan, eta 2024ko lurrunezko trenen denboraldia inauguratuko du. Gutxienez bi irteera izango dira egunero, martxoaren 28tik apirilaren 1era arte.

Museoak ateak irekiko ditu eta tren historikoen irteeren programazioa abiatuko da hilaren 28an.
Museoak ateak irekiko ditu eta tren historikoen irteeren programazioa abiatuko da hilaren 28an. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskotren sozietate publikoaren Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak 2024ko lurrunezko trenen denboraldia inauguratuko du Aste Santuan hamar zirkulazio berezi eskainiz. Gutxienez bi irteera izango dira egunero, ostegunetik, martxoaren 28tik, apirilaren 1era arte, 11.00etan eta 16.30ean, museoaren instalazioetatik Lasaoko geltokiraino.

Museoa 10.30etik 14.00etara eta 16.00etatik 19.30era irekiko da Aste Santuan, ostegunetik astelehenera, biak barne, zehaztu du Euskotrenek prentsa ohar bidez.

Aste Santuaren ondoren, lurrunezko trenen zerbitzu erregularrak azaroaren 3ra arte funtzionatuko du larunbatero (irteerak 12.00etan eta 17.30ean) eta igandero eta jaiegun guztietan (12.00etan). Gainera, apirilaren 7tik aurrera, ‘Sugin egun batez’ jarduera ere eskainiko da igande eta jaiegunetan, tren makinan bidaiatzeko aukera ematen duen ekimena, alegia.

Apirilaren 2tik aurrera, museoko instalazioen ordutegia honako hau izango da: asteartetik ostiralera (lanegunetan), 10.00etatik 13.30era eta 15.00etatik 18.30era; larunbatetan, 10.30etik 14.00etara eta 16.00etatik 19.30era; igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik), 10.30etik 14.00etara.

Bilduma eta bortxazko lanak

Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa erakusten du bere instalazioetan, mota guztietako ibilgailuekin: lurrunezko tren makinak, dieselak eta elektrikoak; automotoreak eta bagoi mota desberdinak.

Era berean, Euskadiko makina erreminta multzorik osatuenetakoa eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez, eta XIX. mende amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren erlojuen bildumarik onenetako baten erakusketak ditu.

Azkenik, Burdinbidearen Euskal Museoak 1936ko gerran eta frankismo garaian esklabo gisa erabilitako bortxazko lanen biktimen omenezko erakusketa bat ere du ikusgai, modu iraunkorrean.

Erakusketak gogoratzen du 1937tik aurrera, diktaduraren zati handi batean, milaka gerrako preso eta, ondoren, preso komun erabili zirela herriak eta azpiegiturak berreraikitzeko edota errepideak, urtegiak edo trenbideak eraikitzeko.