GAUR8

Liztor asiarraren presentzia murrizteko kanpaina abiarazi dute Aiaraldean

Liztor asiarra espezie inbaditzailearen presentzia murrizteko kanpaina abiarazi dute Aiaraldean. Maiatzaren 15era arte luzatuko da prozesua, eta Aiarako Kuadrilla dagoeneko tranpak eta soluzio erakargarriak banatzen hasi da.

Liztor asiarren (vespa vetulina) koloniak murrizteko material ezberdinak banatzen ari dira Aiaraldean, liztor erreginak ere harrapatu nahi baituzte.
Liztor asiarren (vespa vetulina) koloniak murrizteko material ezberdinak banatzen ari dira Aiaraldean, liztor erreginak ere harrapatu nahi baituzte. (Aiarako Kuadrilla)

Liztor asiarren habiak murrizteko kanpaina jarri dute abian Aiaraldean, kolonia berrien kopurua minimizatzeari begira. Espezie inbaditzailearen harrapaketa aste honetan hasi eta maiatzaren 15era arte luzatuko da. Horren barruan, interesdunen artean tranpak eta erakargarri homologatua banatuko ditu Aiarako Kuadrillak.

Ohar batean azaldu du Kuadrillak liztor asiarrak «biodibertsitatearen galtzearen eta erlezaintza eta fruta ekoizpena gutxitzearen erantzule» direla, besteak beste.

Kanpainak urrats ezberdinak aurreikusten ditu. Alde batetik, aipatutako tranpen eta substantzia erakargarrien banaketa egingo da, baina horren ondoan, Arabako Foru Aldundiak emandako materiala erabiliko dute Aiarako, Artziniegako eta Okondoko apikultore eta zenbait herritarren artean liztor erreginak harrapatzen lagun dezaten.

Azaldu dutenez, aurreko urteetako kanpainetako tranpak dituzten herritarren artean soilik banatuko dute erakargarria.

«Banatu beharreko materialak tranpa batez, kako batez eta monodosia diren hiru erakargarriz osatuta daude», zehaztu du Kuadrillak, eta gomendioa zabaldu du: «posible den heinean, ur puntuetatik, ibaiertzetatik, fruta arboletatik, erlauntzetatik edota aurrez kaltetutako lekuetatik gertu» jartzeko.

Tranpa horren barruan disoluzio erakargarria jarriko dute, gehienez ere bi asterik behin ordeztu behar dena.

Datuak biltzeko fitxak

Beharrezko materialarekin, halaber, harrapaketa-fitxa bat banatuko da, tranpa jarri den lekuaren datuak bete eta liztor asiarren eta harrapatuta dauden beste intsektuen ale kopurua zehazteko. Tranpa kanpaina amaitutakoan fitxa horiek entregatu beharko dira, azaldu du Kuadrillak.

Materialen banaketa Aiarako Kuadrillak Arespalditzan duen egoitzan egingo da, 12.00etatik 14.00etara. Bertaratu ezin diren herritarrentzako harremanetan jartzeko telefono zenbakia zabaldu dute: 679 79 19 33.