GAUR8

Herritarren parte hartzea eskatu du Etxebarriko Udalak 2024ko Ondare Jardunaldiak prestatzeko

Etxebarriko Udalak herritarren parte hartzea eskatu du udalerriko XXI. mendearen erdialdeko irudiak biltzeko. Aitzinako irudi horiek Ondare jardunaldiak prestatzeko erabiliko dira. Bereziki errepide zaharra eta San Antonio auzoko irudiak eskatu dituzte, aurten fokua bide, sare eta topagunetan jarriko baita.

San Antonio auzora autobusei sarbide emateko desagertu ziren etxeak, artxiboko irudian.
San Antonio auzora autobusei sarbide emateko desagertu ziren etxeak, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Etxebarriko Udalak herritarren parte hartzea eskatu du udalerriko XX. mendearen erdialdeko bizitzaren argazkiak biltzeko. Urrian, ‘Bide, sare eta konexioen ondarea’ izenburupean egingo diren 2024ko Ondare Jardunaldiak prestatzeko erabiliko dira irudi zahar horiek.

Udalak jakinarazi duenez, joan den martxoaren 26an egin zen Etxebarrin 2024ko Ondare Jardunaldien prestaketari buruzko lehen bilera. Edizio honetarako proposatutako gaia ‘Kultur ibilbideak, sareak eta topaguneak’ da, eta horrek aukera emango die udalerriei beren ondare historikoaren parte izan ziren historiako tokiak gogoratzeko eta ezagutzeko.

Hori dela eta, Udalak laguntza eskatu die bizilagunei XX. mendearen azken erdian udalerriaren bizitza eta itxura islatzen duten argazkiak biltzeko, bereziki errepide nagusia eta San Antonio auzoa lotzen zituen ‘Harrizko Bide’ zaharrarekin lotutakoak, edizio honetarako hautatutako gaia jarraituz.

Herritarren batek partekatu nahi duen irudiren bat badu, komunikazioa@etxebarri.eus helbidera bidal dezake eskaneatuta, edo CIME eraikinera bertaratu apirilaren 8an eta 9an, 10.00etatik 12.00etara edo 17.00etatik 19.00etara, argazkiak bertan eskaneatzeko.

Ondarearen Europako Jardunaldiak (EPB) kultura ondareari buruzko sentsibilizazio programa bat dira. 1984an abiatu zen, Europan dagoen kultura aberastasuna eta aniztasuna ezagutarazteko helburuz, baita herritarrak eta administrazio publikoak ondare komuna babesteko beharraz kontzientziatzeko ere.

Gaur egun, izaera parte hartzaileko kultur ekitaldi handienetako bat da, Europa osoan 20 milioi pertsona baino gehiagorengana iritsi nahi duten milaka jarduerarekin, azpimarratu du Udalak.