GAUR8

Eraldaketarako hezkuntzaren erronkak aztergai Gasteizen, GGKEek antolatuta

Gizarte eraldaketarako hezkuntzaren markoan mugimendu sozialen erronkak eta GGKEen arteko artikulazio erronkak ardatz izango dituen topaketak antolatu dituzte EAEn kooperazioaren arloan lan egiten duten eragileezberdinek. Gasteizen izango dira, eta hainbat ekarpen eta esperientzia bilduko dituzte.

Hezkuntza eta gizarte eraldaketa hizpide izango dituzte jardunaldiek.
Hezkuntza eta gizarte eraldaketa hizpide izango dituzte jardunaldiek. (Idoia ZABALETA | FOKU)

eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eta Hegoa Institutuak Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari buruzko VII. Jardunaldiak antolatu dituzte apirilaren 17rako, Gasteizko Europa jauregian, ‘Mugimendu sozialen eta GGKen arteko artikulazioaren erronkak gizarte eraldaketan’ izenburupean.

Hausnarketaren eta elkarren arteko ikasketaren bidez, subjektu kritikoak sortzea eta gizarte eraldaketarako hezkuntzak dituen erronkei aurre egitea dira topaketen xedeak.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, GGKEek eta gizarte mugimenduek arreta berezia jartzen dute subjektu kritikoak sustatzeko, balio eta jarreren aldaketa sozial bat egon dadin. Hori da, hain zuzen, (H)ABIAN 2030 gizarte eraldaketarako hezkuntzaren euskal estrategiaren indar-ideietako bat.

Ildo horretan, jardunaldien hasierako hitzaldia gizarte mugimenduen eta GKEen arteko artikulaziorako gakoak ematen saiatuko da, Ana Esther Ceceña Martorellaren eta Itziar Gandarias Goikoetxearen arteko elkarrizketa baten bidez.

Lehenengoa ekonomialaria eta Geopolitikaren Latinoamerikako Behatokiko zuzendaria da, eta hainbat argitalpenen egilea; bigarrena Deustuko Unibertsitateko Psikologia Saileko irakaslea da eta Munduko Emakumeak elkartean parte hartzen du.

Kolektiboen eta GKEen arteko trukeen praktikak ezagutzeko, jardunaldiek hiru esperientziaren aurkezpenarekin jarraituko dute. Horrela, Mundubat-eko Eneko Gerrikabeitia Zenarrutzabeitiak Martin Etxeari buruz hitz egingo du, beren egoera sozioekonomikoagatik edota nazioarteko babesa behar dutelako beren herrialdetik irten behar izan diren pertsonak bizi diren lekuari buruz, hain zuzen.

Enginyeria Sense Fronteres erakundeko Aura Vidal Carrascok Kataluniako uraren politika eta kudeaketa sektore publikotik egiteko plataforma baten lana azalduko du, eta, azkenik, Baladre Koordinakundeko Isa Alvarez Vispo kolektibo zaurgarrientzako elikadura burujabetza jorratzeko proposamen alternatiboak sortzen dituen esperientziaz arituko da.

Irakasleei, hezitzaileei, gizarte entitateetako langileei zein garapenerako lankidetzako eta gizarte mugimenduen kideei zuzenduta daude jardunaldiak, eta, oro har, gaian interesa duen orori. Izen-emateak ostiralera arte egin daitezke webgunean. https://www.ongdeuskadi.org/eu/agenda/gizarte-eraldaketarako-hezkuntza-jardunaldiak/ web orrian.