Arratiako hiru egoitzek euskararen erabilera eta ezagutza areagotzeko lan-ildoak jarri dituzte abian
Arratiako hiru egoitzek euskararen erabilera bultzatzeko lan-ildoak jarri dituzte abian. Eskualdean esparru sozioekonomikoan hizkuntzaren presentzia bultzatzen duen ‘eusGara’ komunitatean aurkeztu zituzten erronkak.

Arratiako hiru egoitzek, Arratiako Egoitzak, Jandonizek eta Piedade Ondok, euskararen erabilera eta ezagutza areagotzeko hiru lan-ildo garatu dituzte aurten: praktikak euskaraz egitea, zainketen hizkuntza-alderdia kontuan hartzea eta Euskaraz Zainduz dinamikarekin hizkuntza-gaitasuna areagotzea. Gainera, euskararen garapenarekin jarraitzeko konpromisoa hartu dute.
Hiru dinamikak ‘eusGara’ komunitatearen ekitaldi batean aurkeztu dira. Bizkaiko Foru Aldunditik nabarmendu dutenez, ekimena «urtetik urtera hazten ari da».
Arratiako esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko asmoarekin sortu zen proiektua, gaur egun 33 enpresek osatzen dute eta aurten lau enpresa berrik euskara gehiago erabiltzeko konpromisoa hartu dute: Bela Detail, Keia, Ortomobility eta Petardos CM.
33 enpresa komunitatean
Enpresa horiek guztiek «familiaren argazkia» berritu zuten pasa den ostiralean Zeanuriko Zulaibar campusean egindako ekitaldian. Bertan, ‘eusGara’ komunitatea osatzen duten 33 enpresetatik 20k hartu zuten parte.
Komunitate hori osatzen duten enpresek 2025ean euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu dute eta, horretarako, ‘eusGara’-k eskaintzen dien doako zerbitzua izango dute eskura, besteak beste, itzulpen-zerbitzua, hizkuntza-aholkularitza, dirulaguntzen kudeaketa edo prestakuntza-ikastaroak.
Errota fundazioak sortu zuen zerbitzua 2017an, eta ordutik kudeatzen du. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lakuako Gobernuak finantzatzen dute, baita Arratiako udalek ere. Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak eman du zerbitzua hasieratik.
Ekitaldian, Kizkitza Aurrekoetxea Errota fundazioko koordinatzaileak, Aitor Aldasoro Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak hartu zuten parte, bailarako udaletako ordezkariekin batera.
Aurrekoetxeak eskertu zuen «euskara Arratiako lan-munduan txertatzeko» egindako urratsa, «hizkuntzaren erabilera zabaltzeko egin duten ahalegina funtsezkoa izan baita».
Arlo sozioekonomikoa euskalduntzea Lakuarentzat helburu estrategikoa dela azaldu zen Aldasorok, eta lehentasunezko erronka gisa jarri zuen «euskara, enpresen lehiakortasunari begira, balio erantsia dela barneratzea».
Amezagaren ustez, bestalde, «proiektu horien indargune nagusia erakunde sustatzaileen borondatea da, kasu honetan Errota fundazioarena», eta erantsi zuen horiek gabe alferrik dela erakunde publikoetatik eman daitekeen babesa.

Inauterien izaeran sakontzeko lana, Mediabask eta NAIZ Irratiaren eskutik

Zikin, zaratatsu eta euskarazko hitzaren jabe
Maitasun aitortza bat

«Teletetxoak», erretrobisoreak eta motxilak: torturaren itzala euskal gazterian
