‘Gida Bira Gure Museoetan bertsotan’, Bizkaiko 10 gune bertsolarien begiradatik kontatuta azaroaren 29tik
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Bizkaiko hainbat museoren edukia bertsolarien begiradatik bisitatzeko programazioa izango da azaroaren 29an eta 30ean eta abenduaren 1ean eta 3an. Bermeoko Arrantzaleen Museoan izango da lehen saioa, Ander Elortegi eta Enare Muniategi bertsolariekin.

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta ‘Gida Bira Gure Museoetan bertsotan’ saioaren hirugarren edizioa izango da azaroaren 29tik aurrera. Bizkaiko hamar foru gune dira programazioaren ardatz, museoak zein aretoak. Azaroaren 29an eta 30ean eta abenduaren 1ean eta 3an, 16 bertsolarik «beste begirada bat» emango diete espazio horien bisita gidatuei.
Ekimena Euskararen Nazioarteko Egunaren harira ospatzen da eta Euskararen Etxeak berak antolatzen du Bizkaiko museo eta areto foralen partaidetzarekin.
Lexuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuaren esanetan, programazioa gonbidapena da museoak eta foru aretoak bertsolarien begirada «fresko eta dinamikotik» bisitatzeko, era dibertigarri batean.
Ekimenaren parte izango dira Arrantzaleen Museoa, Arkeologia Museoa, Euskararen Etxea, La Encartada Fabrika-Museoa, Euskal Herria Museoa, Txakolinaren Museoa, Santimamiñe, Ondare Aretoa eta Bizkaiko Foru Jauregia.
'Gida Bira' azaroaren 29an hasiko da Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Ander Elortegi eta Enare Muniategi bertsolarien eskutik, 18.00etatik aurrera. Bertsolariak Iñaki Marcaidaren argazkiekin egindako ‘Bermeo Portu Zaharra 1877-2024’ erakusketan murgilduko dira.
Neandertalak, Altzerreka eta Pagonabarra
Azaroaren 30ean bi hitzordu izango dira. Alde batetik, Bilboko Arkeologia Museoan Iruri Altzerreka eta Gorka Pagonabarraga bertsolariak izango dira, 17.00etan, eta Neandertalak erakusketa izango dute abiapuntu. Bilbon dagoen Euskararen Etxean Maite Sarasola eta Xabat Galletebeitia izango dira, 12.00etan, Euskararen Interpretazio Zentro berrituaren edukiak aztertzeko.
Abenduaren 1ean bost saio izango dira. Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan Koldo Gezuraga eta Izaro Bilbao arituko dira, 12.00etan. Muskizeko Pobaleko Burdinolan, Iruri Altzerreka bertsolaria egongo da 11.30etik aurrera, eta Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, Iker Uriarte eta Janire Arrizabalaga bertsolariak izango dira, 12.30ean.
Santimamiñeko kobazuloan, Kortezubin, Aissa Intxausti eta Aitor Etxebarriazarraga izango dira, 12.00etan, eta, azkenik, Bakioko Txakolinaren Museoan, Jone Larrinaga eta Asier Galarza, 12.00etan, euren bertsoak eskaintzen.
Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, bi saio izango dira, biak Bilbon. Goizean, 11.30ean, Xabat Galletebeitia eta Ane Labaka bertsolariak Bizkaiko Foru Jauregian izango dira, eta arratsaldean, 18.00etan, Maite Sarasola eta Eneko Abasolo Abarkas bertsolariek Ondare Aretoaren bisita gidatuko dute, ‘Kameratik Orratzera. Ganberatik orratzera’, Eulalia Abaituaren argazkietan oinarritutako Bizkaiko XIX eta XX. mendeko emakumeen jantzien erakusketan.
Bisita gidatuetan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
