'SuperKlaus' ostegun honetan iritsiko da zinema aretoetara, Zinema Euskaraz programaren barruan
‘SuperKlaus’ filma estreinatuko da ostegun honetan Hego Euskal Herriko hainbat zinema aretotan, Zinema Euskaraz programazioaren barruan. Ekimenak, gainera, beste estrenaldi bat iragarri du abenduaren 25erako: ‘Klara eta hazi magikoen misterioa’.

Gabon girokoa da Zinema Euskaraz programak dakarren proposamen berria. ‘SuperKlaus’ filma estreinatuko da ostegun honetan Hego Euskal Herriko hainbat zinema aretotan. Euskarara bikoiztuta, publiko guztientzako da estreinatuko den film espainiar hau. Hamargarren edizioa da, ‘Liztor kapitaina’-ren ondoren, Zinema Euskaraz programaren barruan, Zineuskadik euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko sustatutako ekimena.
Programa honen bidez, Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak haur eta gazteentzako filmak bikoiztea bultzatzen du, eta zinemaren sektorean euskara sustatzen du.
Kaosa Ipar Poloan
Filmean, buruan kolpe handi bat eman ondoren, Santa Claus esnatzen da SuperKlaus dela sinetsita, film-saga ezagun bateko superheroia. Horrek kaosa sortzen du Ipar Poloan, eta Fafnir jostailu-fabrikatzaile zekenak egoera aprobetxatzen du Santa tailerraren kontrola hartzeko. Billiek, neskato maltzur eta ausartak, C.A.R.L. robotak eta Leo elfoak bakarrik izango dute aukera «plan gaiztoak zapuzteko eta Gabonak salbatzeko beranduegi baino lehen».
Filma honako aretoetan eskainiko dute: Golem Alhondiga (Bilbo), Golem La Morea (Iruñea), Biteri Zinea (Hernani), Niessen zineak (Errenteria), Florida Zineak (Gasteiz), Gorbeia Zineak (Gasteiz) eta SADE zinemetan (Donostia). Abenduaren 25ean, gainera, izenburu berri bat estreinatuko da Zinema Euskaraz programaren barruan, ‘Klara eta hazi magikoen misterioa’.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
