Santurtzik Artoteka plataforma hartuko du hiru hilabetez, Gazte Artea Ezkerraldean programaren baitan
Artoteka arte garaikidearen hedapenerako Ezkerraldeko plataformak biltzen dituen lanak Santurtzin egongo dira ikusgai apirilaren 2ra arte. Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Barakaldo, Portugalete eta Sestako udalekin batera bultzatutako Gazte Artea Ezkerraldean programak udalerri bakoitzeko artista baten lanak erakusten ditu.

Santurtzik Artoteka arte garaikidearen hedapenerako plataforma hartuko du hiru hilabetez, apirilaren 2ra arte, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Barakaldo, Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko udalek osatu eta finantzatutako Gazte Artea Ezkerraldean erakusketa-programaren esparruan.
Udalak jakinarazi duenez, proiektu honen helburua «artea eguneroko bizitzara hurbiltzea da, artelan artistikoak maileguan hartuz eta bilduma osatzen duten artistekin bitartekaritza-jarduerak garatuz».
Gazte Artea Ezkerraldean erakusketa-programan, urtero artista baten lana gehitzen da Artoteka bildumara, «Ezkerraldeko lau udalerrietako bakoitzaren ordezkari den artista osatu arte».
Horrela, «arte garaikidea egunerokora hurbiltzen ari da, erakusketako hormetatik haragoko sarbidea eta gozamena sustatuz». Aldi berean, Artoteka proiektua zabaldu eta Barakaldo, Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko «sorkuntza gaztearen» balioa nabarmentzen da.
Yara Blossom
Ekimen honetan parte hartzeko aukeratutako artista santurtziarra Yara Blossom da. Gazteak bere margolan berrienak (‘El té’, ‘Sareak’ eta ‘Abuela’) erakutsiko ditu Begoñako Andre Mariaren egoitzan. Margolan tailer bat ere eman zuen urtarrilaren 2an.
Bestalde, Casa Torre Jauregian Raisa Alavaren ‘Mangapop’ eta Ivan Gomezen ‘Fulgores, fosfenos y fulgoritas’ lanak izango dira ikusgai. Kabiezeseko Haur Liburutegian Mikel Corderoren ‘El intruso’, ‘Cebolla me Boi’ eta ‘Transplante’ eta Maite Pintoren ‘Denominación de’ erakutsiko dira.
Urtarrilaren 3an inauguratuko da ofizialki erakusketa zikloa 18.15ean Casa Torre Jauregiko Higarillo Aretoan.

