GAUR8

Gasteizko eta Laudioko 'Enplegu Anezkak' azken plaza libreak eskaintzen dituzte

Azaroaren amaieratik lanean dauden Arabako hiru enplegu-anezkek plaza libreak dituzte oraindik lana bilatzeko programa horretan parte hartzeko. Orientazioa eskaintzeaz gain laguntza ematen dute elkarrizketak egiteko orduan, tresna digitalen maneiuan eta ziurgabetasuneko tetsuinguruetan estresa behar bezala kudeatzeko. Laneratze-tasa %60koa dela nabarmendu dute.

Enplegu-anezkak Araban.
Enplegu-anezkak Araban. (Arabako Foru Aldundia)

Enplegagarritasunaren lurraldeko hubean sartuta, Arabako hiru enplegu-anezkak azaroaren amaieratik ari dira lanean, baina oraindik ere plaza libreak dituzte, eta, beraz, lana bilatzeko programa horretan parte hartu nahi duten langabetuek izena eman dezakete Gasteizko eta Laudioko taldeetan.

Arabako Foru Aldundiak ohar batean nabarmendu duenez, 400 arabarrek baino gehiagok parte hartu dute programa honetan 2016tik, eta %60 inguruk lana aurkitu dute, beren negozioa martxan jarri dute edo profesionaltasun ziurtagiriak egin dituzte lan praktikekin.

Hala, Arabako Foru Aldundiak, Santa Maria la Real Fundazioak eta Iberdrola España Fundazioak bultzatutako proiektuak «laneratze tasa handia» duela azpimarratu du.

Arabako Enplegu-anezkak teknikari espezializatuek zuzentzen dituzte, langabezian dauden arabarrei orientazio pertsonalizatua emateko. Helburua da «parte hartzen duten emakumeak eta gizonak pertsonalki eta profesionalki aktibatzea, haien enplegagarritasuna hobetuz zeharkako gaitasunekin, enpresek eskatutako trebetasunekin, digitalizazioarekin eta gaitasun berdeekin».

Parte hartzaileek, halaber, laguntza jasotzen dute lan bitartekaritzan eta ezagutza praktikoetan, osasun mentala eta estresa behar bezala kudeatzeko, langabeziako edo laneko ziurgabetasuneko testuinguruetan.

Era berean, taldean lan egiten dute enplegagarritasun mapak egiteko, enpresekin harremanetan jartzeko, lan elkarrizketak arrakastaz gainditzeko, egungo tresna digitalak erabiltzeko eta beren helburu profesionalera bideratzeko.

18 urtetik gorakoentzat

Hiru enplegu-anezketako azken plaza libreak langabezian dauden arabarrentzat dira, 18 urtetik gorakoentzat, edozein lanbide sektoretan edo hezkuntza mailatan.

Interesdunek izena eman dezakete web atarian online eskuragarri dagoen formularioaren bidez. Halaber, talde teknikoarekin harremanetan jar daitezke informazioa kontsultatzeko, dalonso@santamarialareal.org helbide elektronikoaren eta 621 152 988 telefonoaren bidez.

Arabako Foru Aldundiak, Santa Maria la Real Fundazioak eta Iberdrola España Fundazioak bultzatzen dute programa hau. Gainera, Europako Plus Gizarte Funtsaren (FSE+) baterako finantzaketa du, ‘Gizarteratzeko, Haur Bermerako eta Pobreziaren aurkako Borrokarako Estatuko Programaren’ kargura, bai eta Gasteizko eta Laudioko udalen lankidetza ere.