GAUR8

Zabaldu dute Bilboko ‘Ikusi eta Ikasi’ euskarazko familia aisialdiko programarako izen ematea

Bilbon ‘Ikusi eta Ikasi’ euskarazko familia aisialdirako programan izena emateko epea zabaldu berri dute. 2 eta 11 urte bitarteko umeei zuzenduta, 60 jardurra baino gehiago prestatu dituzte hiru adin tarte banatuta, «hizkuntza haurtzarotik izandako esperientzia postiboekin lotzeko».

Haurrak Olenzterorekin Bilbon, azken Gabon hauetan.
Haurrak Olenzterorekin Bilbon, azken Gabon hauetan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko Udalak ‘Ikusi eta Ikasi’ euskarazko familia aisialdiko programan izena emateko epea ireki du astelehen honetatik urtarrilaren 27ra. Ekimen horrek 22 urteko ibilbidea du, eta 64 jarduera egingo dira otsailetik maiatzera bitartean, 2 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta.

Programa maiatzera arte luzatuko da, eta hiru adin tarte hartzen ditu. Familia giroko aisialdia eskaintzen du euskaraz hiriko barruti guztietan. Udalak azaldu du edizio berri honetan, ‘Makusi’-k eta bere familiak motxila hartu, Pagasarrira joan eta abenturaz gozatuko dutela, Bilbo are euskaldunagoa izan dadin ingurumenaren zaintzaren bitartez.

‘Ikusi eta Ikasi’-k 64 jarduera izango ditu 2 eta 11 urte bitarteko haurrentzat, eta 2 eta 3 urte bitartekoen kasuan, haien gurasoek saio espezifikoak eta adin-tarte horren araberakoak izango dituzte.

Edozein jardueratan parte hartzeko, www.ikusietaikasi.eus web orriaren bidez eman beharko da izena. Horretarako epea 27ra arte egongo da zabalik.

Jolasak, eskulanak eta ikuskizunak

Otsailean hasi eta maiatzera arte, hiru adin-tarte aurreikusten ditu ekimenak. ‘Altzoan’ izenekoak  2 eta 3 urte bitarteko umeentzako jolas eta eskulan saioak eskainiko dira gurasoekin batera; ‘Familian’, 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzako sormen tailerrek osatuko dute, euren familiekin batera, eta ‘Lagunartean’ saioan, 9 eta 11 urte bitarteko haurrentzako dibertsio tailerrak izango dira, lagunekin.

Era berean, Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoen ‘Euskal Mitologia‘, ‘Mugi zaitez disko-festa’, ‘Atxis’ eta ‘Txanpon baten truke’ bezalako jarduerak eta ikuskizunak eskainiko dira.

XXII. edizio honetako Pagasarriko zeharkaldiarekin, Udalak natura zaintzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta, beraz, mendiak «erabateko protagonismoa» hartzen du. Eider Inunciaga Euskara, Arreta eta Herritarren Partaidetzako, Agenda 2030 eta Nazioarteko zinegotziak nabarmendu du helburua «euskararekiko harreman afektiboa lantzea eta hizkuntza haurtzarotik izandako esperientzia positiboekin lotzea» dela.