GAUR8

EAEko 433 erakunde eta 720 profesionalen parte hartzea izan du Innobasqueren ‘Formakuntza Berrikuntzan’ programak

EAEko 433 antolakundek eta 720 profesionalek hartu zuten parte Innobasqueren ‘Formakuntza Berrikuntzan’ programan 2024. urtean zehar. Profesionalei zuzenduta, doako prestakuntza da enpresentzako erronka diren digitalizazioa, negozio ereduak edo finantzaketa bezalako gaien inguruan.

Enpresa ezberdinetako 720 profesionalek hartu dute parte prestakuntza programan.
Enpresa ezberdinetako 720 profesionalek hartu dute parte prestakuntza programan. (Innobasque)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 433 antolakundek eta 720 profesionalek hartu dute parte 2024. urtean Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren ‘Formakuntza Berrikuntzan’ programan. Guztira, 46 ikastaro eskaini dituzte proiektu horren barruan, eta erakunde bakoitzak, batez beste, bitan hartu du parte. Enpresen eta antolakundeen gaitasun berritzailea bultzatzea da xedea.

Hiru lurraldeetan egin dira programa eta ikastaroak, eta aurrez aurreko eskaintza sareko formakuntzarekin osatu da. «Horrek nabarmen erakusten du Innobasqueren konpromisoa Euskadiko enpresa eta antolakunde sarean berrikuntza eta I+G arloa kudeatzeko gaitasuna sendotzeko», adierazi du euskal erakundeak.

Guztira, 21 ikastaro eman dira ETE-ei bideratuta, zazpi Europako laguntzen inguruan eta 18 berariaz bazkideei zuzenduak.

Jorratutako gaiei dagokienez, besteak beste, digitalizazioa, negozio ereduak, merkatu analisia, ‘Horizon Europe’ programaren aukerak, eta indar hartzen ari diren joerak izan dira nagusi, hala nola adimen artifizial sortzailea. Berrikuntzaren ikuspegi praktiko eta erabilgarria eman nahi izan da ikastaroetan, betiere enpresen beharrizanei eta erronkei loturik.

Zubi lanak

Agentziako iturriek nabarmendu dute, bestalde, Innobasqueren formakuntza eskaintzak «zubi lanak» egiten dituela antolakunde partaideen eta berrikuntzaren euskal ekosistemaren artean, «sinergiak eta lankidetzarako aukerak sustatuz».

Azaldu dute, gainera, parte hartu duten antolakundeen profilak argi erakusten duela «euskal enpresa ehunaren aniztasuna eta dinamismoa». Parte hartu duten antolakundeen %72 enpresak izan dira, eta horietatik erdia tamaina txikikoak, 11 eta 50 langile artekoak. Enpresa partaideen artean, industria, lotutako zerbitzu, handizkako merkataritza eta ikerketa eta garapenari (I+G) lotutako jardueren sektoreetakoak izan dira gehienak.

Bestalde, profesionalen profilak ere «askotarikoak» izan dira, besteak beste, zuzendaritza nagusiko kideak, antolakundearen barnean eremu operatiboetako arduradunak edo prozesu giltzarrietan dihardutenak. «Horrenbestez, formakuntzak eragin zuzena du erabaki estrategikoak hartzen dituzten profilen prestakuntzan», gaineratu du Innobasquek, eta azaldu du partaideen balorazio ona izan dutela ikastaroek, 10etik 8,5 puntu emanez. Izaera praktikoa eta enpresen erronkekin bat etortzea da gehien bereziki baloratzen dutena.

Innobasqueren 'Formakuntza Berrikuntzan' programa doako prestakuntza ekimen bat da, eta EAEko enpresa eta antolakundeen berrikuntza arloko gaitasunak sendotzea bilatzen du.

Askotariko ikastaroak eskaintzen dira, entzute handiko adituen eskutik eta funtsezkoak diren arloak ardatz harturik, hala nola merkatua, digitalizazioa, pertsonak, negozio ereduak, finantzaketa eta produktua.

Ikastaroak profil desberdinei zuzenduta daude, besteak beste, ETEak, I+G+B arloa nazioartekotzeko interesa duten antolakundeak eta Innobasqueko erakunde bazkideak. EAEn berrikuntzaren eta I+Gren kudeaketa hobetzea da formakuntzaren xedea.