Hamabost zientzialari gazte kontratatzeko deialdi berria egin du Ikerbasquek
Ikerbasque Zientziarako Fundazioak 15 ikertzaile gazte kontratatzeko deialdi berri bat jarri du abian, nazioartean jakintza arlo ezberdinetan aritzen diren zientzialariei itzultzeko eta ibilbidea sendotzeko aukerak emateko. Bost urteko kontratua da hasierako eskaintza, baina plaza iraunkorra lortzeko aukera dute.

Ikerbasquek ‘Research Fellow’ programaren edizio berri bat jarri du abian, ezagutza arlo ezberdinetako 15 zientzialari gazte kontratatzeko. Nazioartean lanean ari diren ikertzaile gazteen itzulera bultzatu nahi duen ekimenaren bidez dagoeneko 112 kontratazio egin dituzte.
Zientziarako Euskal Fundazioak gogoratu du «goi mailako ikertzaileen ‘harrobi’ bat sustatzea» dela programaren helburu nagusia. «Programak funtzio bikoitza du: alde batetik, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea (euren ibilbideko une batean joan ziren bertoko ikertzaileak barne), eta bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea», azaldu dute.
Ekimenak, halaber, emakume ikertzaileen kontratazioa bultzatu nahi du bereziki. Deialdi hauen bitartez egin diren 112 kontratazioetatik, 56 dira gizonak eta beste horrenbeste emakumeak.
Hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileentzako da deialdia. Eskaerak Ikerbasque fundazioaren web orrian aurkeztu behar dituzte martxoaren 20ra arte eta plazetara aurkeztutakoek «ebaluazio prozesu sakona» pasatu beharko dute.
Bost urtetarako lanpostuak eskaintzen ditu Ikerbasquek. Epe horren amaieran, gainera, plaza iraunkorrak lortzeko aukera dute ikertzaileek ebaluazio berri baten bidez. EAEko unibertsitate eta ikerketa zentroetan arituko dira kontratatu berriak, «bai zientzia esperimentalean (biologia, fisika), bai medikuntzan, matematika, ingeniaritzan, gizarte zientzietan eta giza zientzietan ere».

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
