Kalejira, txokolate jana, zezensuzkoa eta ohiko zozketa Gasteizko kaleetan, San Anton eguna ospatzeko
Gasteizko kaleak festaz jantziko dira bihar San Anton eguna ospatzeko. Tradizio handiko zozketa herrikoiaren ondoan, kalejira, txokolate jana eta zezensuzkoa iragarri dituzte bihar arratsalderako. Plaza Berrian Gargantua eta puzgarriak egongo dira txikienentzako.

San Anton eguna ospatzeko egitarauak Gasteizko kaleak girotzeko jarduera ezberdinak iragartzen ditu biharko (hilak 17). Ohiko zozketaren ondoan, kalejira, txokolate dastatzea, dantza plaza eta zezensuzkoa dira antolatutako jarduera batzuk. San Anton ‘txikiaren’ zozketak, gainera, txokolatezko bi txerritxo zozketatuko ditu Arabako hiriburuko 21.094 ikasleren artean.
Zozketaren harira, hain zuen ere, Udalak gogoratu du ohar bidez txartelak salgai egongo direla ostiraleko 16.30ak arte.
Urtarrilaren 17ko programazioa 17.15ean hasiko da, Plaza Berritik San Pedro parrokiara irteten den udal segizioarekin.
Ibilbidean Gasteizko erraldoi eta buruhandien konpartsak parte hartuko du, eta Udal Folklore Akademiako partaideak ere izango dira. Txikienentzako beste proposamen bi daude, biak Plaza Berrian kokatuta, bertan Gargantua eta hainbat puzgarri izango baituzte 17.00etatik 18.30era.
Bezperen ondoren, erraldoiek dantza egingo dute eta Plaza Berrira itzuliko dira kalejiran. Txokolate beroa dastatzeko aukera egongo da bertan, eta ‘Dantza plazan’, 17.45ean hasita.
Eguneko ekitaldi nagusia 18.00etan izango da. San Prudentzio Egoitzaren aldeko zozketa udaletxean egingo da eta, ordu erdi geroago ‘txikia’ egingo da. Zezensuzkoa 18.45ean hasiko da eta eguna itxiko du.
Udalak azpimarratu duenez, San Anton Txikiko Errifak txokolatezko bi txerritxo zozketatuko ditu, «Nalda gozotegiak hilabete eta erdi eskaintzen dion artisau-lana».
Zozketa horretan Gasteizko 55 ikastetxek hartzen dute parte. Txokolateztatutako animalietako bat zozketatzen da Haur Hezkuntzako (HH) 312 gelen artean, 5.841 ikasle biltzen dituztenak; eta beste bat Lehen Hezkuntzako (LH) 743 geletako 15.253 ikasleen artean.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
