GAUR8
Gaur X urte

Duela 90 urte hil zen Martin Elola Berasategi, Begoñako Udaleko azken txistularia

Gaurko egunez hil zen Martin Elola Berasategi, Begoñako Udaleko azken txistularia izanagatik ezaguna. 1935ean hil zen, musikari gisa ibilbide luze eta oparoa utzita.

Elola, ezkerrean txistua jotzen, Baserritarren Sindikatu aurrean.
Elola, ezkerrean txistua jotzen, Baserritarren Sindikatu aurrean. (WIKIMEDIA COMMONS)

Martin Elola Berasategi Idiazabalen, Gipuzkoan, jaio zen 1867an eta Bilbon zendu zen 1935eko urtarrilaren 17an, hots, duela 90 urte. Begoñako Udaleko azken txistularia, maixua, zuzendaria eta txistu-egilea izan zen. Euskal Herriko Txistulari Elkartearen sortzaileetako bat izan zen eta hari zor zaio inoizko txistu grabaziorik zaharrena, 1905ekoa, hain zuzen ere.

1887-1908 urteen bitartean Zumarragako udal txistulari bandaren zuzendaria izan zen. 1888an Eustakia Albisurekin ezkondu zen eta gutxienez hamar seme-alaba izan zituzten. Bata, Enrike, umetan atabalari eta gero txistulari lagun izan zuen.

1908an Begoñako udal txistulari lanpostua lortu zuen eta 1915eko urriaren 14an Bilboko Club Deportivok antolatu zuen pregoilari-txapelketa irabazi zuen. Biharamunean pregoia euskaraz eta gazteleraz irakurri zuen.

1925ean Bilbok Begoña anexionatu zuenean Bilboko udal txistulari bihurtu zen eta horretan aritu zen harrezkero. Martin Elola txistulari nagusia izan zen, eta jakina da Bilboko familia askoren egun seinalatuen errolda eramaten zuela beti soinean libreta batean.

1934ko abenduaren 8an auto istripua izan zuen Bilboko Epaltzaren Alargunaren kalean. Larri, Basurtuko Ospitalera eraman zuten eta hurrengo hilabetean hil zen, urtarrilaren 17an, auto istripuan izandako zaurien ondorioz.