Gaur bi urte hil zen David Crosby musikaria
Duela bi urte hil zen David Crosby, abeslari, kantautore eta gitarra jole estatubatuarra. Ibilbide oparoa izan zuen musikari gisa, horrek egin zuen ezagun, baita izan zituen arazo pertsonalek ere.

David Crosby estatubatuar abeslari, kantautore eta gitarra jolea gaurko egunez hil zen duela bi urte, 81 urte zituela. 1941eko abuztuaren 14an jaio zen Los Angelesen, Californian, eta Byrds taldeko kide gisa egin zen ezagun. Geroago, Crosby, Stills & Nash taldean aritu zen. Musikari gisa egindako ekarpenaz gain, Crosbyk bere izaerari, politikari buruzko iritziei eta arazo pertsonalei ere zor zien ospea.
Nerabea zela aktore izan nahi zuen, baina 20 bat urterekin piztu zitzaion gitarrarekiko grina, eta folk talde batean jotzen hasi zen. Giro bizi hartan sortu zuen The Byrds taldea, Roger McGuinn, Gene Clark, Chris Hillman eta Michael Clarkerekin batera. 1965ean kaleratu zuten aurreneko diskoa, ‘Mr. Tambourine Man’, folk kanten bertsio disko bat, besteak beste, Bob Dylanen hainbat pieza biltzen zituena, baita Clark taldekideak sortutako edo moldatutako beste batzuk ere. Taldeak arrakasta handia izan zuen.
1960ko hamarkadaren erdialdean eragin handia izan zuten rock psikodelikoaren sorreran, ‘Fifth Dimension’, ‘Younger Than Yesterday’ eta ‘The Notorious Byrd Brothers’ diskoekin. The Byrdsen lehen bost diskoetan parte hartu zuen, baina taldetik bota zuten, tirabira ugari izan ostean. 1969an, diskoa kaleratu zuen Stephen Stillsekin eta Graham Nashekin batera eta urtebetera laukotea osatu zuten Neil Youngekin. Taldea Woodstock jaialdian aritu zen, besteak beste.
1971n, bakarkako lehen diskoa ondu zuen, ‘If I Could Only Remember My Name’. Ordutik, bakarka aritu zen, maiz, eta hainbat kolaborazio ere egin zituen. Bere ibilbidean zehar musikagintzaz harago zihoazen beste auzi batzuek ere egin zuten ezagun; besteak beste, 1982an bost hilabete eman zituen espetxean, drogak eta armak izatea egotzita.
Crosbyk osasun arazoak izan zituen eta Santa Ynezen, Kalifornian, hil zen 2023ko urtarrilaren 18an, 81 urte zituela.

