Hego Euskal Herrian ikurrina legeztatu zuten duela 48 urte
Gaurko egunez legeztatu zuten ikurrina Hego Euskal Herrian. Frankismoak iraun bitartean izandako debekua bertan behera geratu zen, Nafarroan gero ere urte luzez jazarria izan den ikurra bada ere.

1977ko urtarrilaren 19an legeztatu zuten ikurrina Hego Euskal Herrian, frankismoak iraun bitartean debekatuta egon ostean. Hurrengo urtean, hots, 1978an, Euskal Autonomia Erkidegoko ikus ofizial izendatu zuten. Hala ere, Nafarroan bestelakoa izan da ikurrinaren egoera. Izan ere, Nafarroako Ikurren Legea, espresuki hura debekatzeko sortua, jazarpen politiko eta administratiborako baliatu izan dute urte luzez, 2017ra arte, hain zuzen ere.
Ikurrina sortu zuten unetik bertatik jazarpen politiko latza pairatu duen ikurra izan da. Izan ere, lehen ikurrina urtebeteren buruan errekisatu zuen espainiar agintaritzak. Jazarpen hori bereziki areagotu zen Primo de Riveraren diktaduran zein Francoren diktaduran.
Hain zuzen ere, frankismoak iraun bitartean debekatuta egon zen, hots, 1936-1977 tartean. Garai horretan etengabekoa eta erabatekoa izan zen jazarpena: ikurrin bat zeraman edonori jartzen zioten isuna edo, bestela, espetxe zigorra. Jarrera horrek, ordea, bilatzen zenaren kontrako eragina izan zuen.
Horrela, debekuaren ondorioz askorentzat, abertzale izan zein ez, klandestinitateko ikur bilakatu zen, jatorrizko esanahitik harago, askatasunaren, errebeldiaren, antifrankismoaren eta demokraziaren ikur, alegia.
1977ko urtarrilaren 19an espainiar Estatuko agintariek ofizialki legeztatu zuten arren, 2017ra arte jazarpena pairatu zuen Nafarroan. Izan ere, hura debekatzeko espresuki sortutako Nafarroako Ikurren Legea ez zuten ordura arte indargabetu. Aldiz, Ipar Euskal Herrian ohikoa izan da herriko etxeetan zintzilikatuta ikustea.

