GAUR8

Komunikabideek osasun mentala nola jorratzen duten aztertuko du mahai-inguru batek Donostian

Kazetariak eta buru osasunean aritzen diren profesionalak bilduko ditu Agifes elkarteak astelehenean mahai-inguru batean Donostian. Gaiaren trataera edota gaixotasuna diagnostikatuta duten pertsonentzat hedabideetan agertzeak dituen inplikazioak aztertuko dituzte.

‘Buru osasuna komunikabideetan’ mahai-inguruaren kartela, irudian.
‘Buru osasuna komunikabideetan’ mahai-inguruaren kartela, irudian. (Agifes)

Osasun mentalak komunikabideetan duen presentzia eta gaiari ematen zaion trataera aztertuko du mahai inguru batek Donostian, astelehenean (hilak 27).

Agifes elkarte gipuzkoarrak antolatu du hitzordua, eta arloko hainbat profesional bilduko ditu. Parte hartzaileen artean, Harri X. Fernandez ‘Noticias de Gipuzkoa’ egunkariko kazetaria (Prentsa idatzia saria), Mikel Yarza Euskadi Irratiko Baipasa saioko kazetaria (Irratia saria) eta Nerea Navarro ETB1eko ‘Biba Zuek!’ saioaren zuzendaria (Telebista saria).

Agifes elkarteko beste bi hizlari izango dira mahai-inguruan: Mikel Merino Elkar Laguntzako Agentea eta nahasmendu bipolarra diagnostikatua daukana eta ikuspegi profesionaletik zein pertsonaletik hitz egingo duena, eta Maider Gorostidi psikologoa.

Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarien harira antolatuta, ekitaldia Santa Teresa komentuko aretoan egingo da, 18.00etatik aurrera.

«Topaketa honek eztabaida eraikitzailea sortzea du helburu, hedabideek osasun mentaleko gaiak jorratzean dituzten zailtasunak identifikatu ahal izateko», azaldu du elkarteak. Gaineratu duenez, komunikabideetan agertzeak diagnostikoa duten pertsonentzat dituen inplikazioak aztertu nahi dituzte, «arriskuak eta onurak baloratuz».