GAUR8

Bihar abiatuko da EHUazoka Donostian, titulazio eskaintza erakutsi eta aukeraketan laguntzeko foroa

Bihar, hilak 25, egingo dute Gipuzkoako Campusean aurtengo lehen EHUazoka; otsailaren 1ean egingo dute Gasteizen, eta 8an izango da Bizkaiko Campusean. Unibertsitate bera eta daukan gradu ikasketen eskaintza hobeto ezagutzeko ematen duen aukera nabarmendu dute.

IKasleak, EHUazokaren aurreko edizioetan.
IKasleak, EHUazokaren aurreko edizioetan. (UPV/EHU)

EHUren titulazio eskaintzaren erakusleiho izaten den EHUazoka bihar abiatuko da Gipuzkoako Campusean, Donostian. «Orientazio azoka aukera paregabea da etorkizuneko ikasleek Euskal herriko Unibertsitateak 2025-26 ikasturtean eskainiko dituen graduko ikasketak gertutik ezagutzeko«, adierazi du EAEko unibertsitate publikoak ohar bidez.

Gipuzkoako hitzorduaren ostean, otsailaren 1ean Arbako Campusean egingo dute, eta otsailaren 8an, Bizkaiko Campusean. Nabarmendu dutenez, hiru jardunaldi horietan fakultate eta eskola guztietako irakasleek arreta pertsonalizatua eskainiko die hurrengo ikasturtean unibertsitatean matrikulatzeko dauden ikasleei. Informazio-saio kolektiboak ere izango dira.

«EHUazoka aukera bat da gure unibertsitatea eta graduko ikasketen eskaintza hobeto ezagutzeko eta etorkizuneko unibertsitate-ikasketei buruzko zalantza guztiak argitzeko», azpimarratu dute.

Ohartarazi dute, bestalde, standetarako sarbidea librea dela baina informazio-saio kolektiboan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela. Gipuzkoako Campusean gaur bertan ixten da izena emateko epea, urtarrilaren 27tik 31ra zabalduko dute Araban eta otsailaren 3tik 7ra Bizkaian.