Prototipo berritzaile bat garatu du EHUK, pazienteen oreka-arazoak ebaluatzeko eta errehabilitatzeko
Oreka-arazoak ebaluatzen eta errehabilitatzen dituen prototipo berritzaile bat garatu dute EHUko ikertzaileek, iktusa bezalako gaitzen ondorioz izaten diren indar galera edo paralisi partzialak tratatzeko. Gorlizko Ospitaleko profesionalekin elkarlanean sortu dute tresna.

EHUko Compmech ikertaldeak gailu mekatroniko bat patentatu du, pazienteen oreka-arazoak ebaluatzeko eta errehabilitatzeko. Iktusaren ondorioak eta bertigoak bezalako gaitzen ondorioak tratatzeko neurketak modu fidagarri eta errepikagarrian egiteko sortua, diseinatutakoa «etorkizun handiko gailu» gisa aurkeztu dute unibertsitateko iturriek.
Gailuak «era kontrolatuan estimulatzen» ditu pazientearen oreka plataforma mugikor bat erabiliz, eta haren erantzuna neurtzen du. «Errehabilitazio-lanak sistematizatzeko aukera ematen du, eta, aldi berean, pazienteak denboran zehar izan duen bilakaera monitorizatzen du», zehaztu dute. Gorlizko Ospitaleko zenbait esparrutako profesionalekin elkarlanean garatutako prototipoa da aurkeztu dutena.
Indar galera, paralisiak, bertigoak...
Tresna berriaren erabileraren inguruan gogoratu dute iktusaren ondorio nagusietako bat indar-galera partziala edo paralisi partziala izaten dela. Horri aurre egiteko errehabilitazio prozesu luzeak behar dira oreka eta ibilera berreskuratzeko.
Eta ez iktusak bakarrik, protesi batera ohitu behar diren anputatuen edota bertigo arazoak dituzten pazienteen kasuak aipatu dituzte.
Bilakaera ebaluatzeko ariketetan oinarritutako teknika tradizionalak ez dira erabat objektiboak. Hori dela eta, Gorlizko Ospitaleko profesionalek bilakaera sistematizatzeko beharra azpimarratu dute.
Behar horri erantzuten dio garatutako prototipo berriak, mekatronikan espezializatuta dagoen EHUko Compmech ikertaldeak garatu duena.
Francisco Campa ikertzaileak adierazi duenez, prototipoak «pertsona baten oreka ebaluatzen, lantzen eta errehabilitatzen du, pertsona hori plataforma batean zutik egonik, haren presio-zentroa neurtuz».
Tresnaren funtzonamenduaz, martxan dagoen autobus batean zutik egonik ematen den prozesua aipatu du adibide gisa: «balaztatzen duenean, gorputzak, orekatzeko, bere pisua banatzen du, aurrera eta atzera, oinak zoruan bermatuak dauden gainazalean. Indar horren ondoriozko puntua presio-puntua da, eta puntu horren higidura aztertuta, pertsona baten oreka ebalua daiteke».
Gailu berriak oreka estimulatzen du era askotako mugimenduak dituen plataforma baten bidez. «Makina programatzen ari den fisioterapeutak erabakitzen du hori guztia», azaldu du ikertzaileak. Tresnak, gainera, sensoreen bidez pazientearen erantzuna neurtzen du.
Gorlizko Ospitaleko mediku-taldeak baliozkotu ondoren, saiakuntza klinikoen fasean dago prototipoa, eta benetako pazienteekin probatzen hasi da.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
