GAUR8

«Kontu Kantari, Pasaiako solasaldi musikatuak» programak edizio berria izango du 2025ean

‘Kontu Kantari, Pasaiako sosaldi musikatuak’ programazioak emanaldi berriak izango ditu otsailaren 1ean hasita. Esti eta Mikel Markez izango dira edizio berriko lehen artista gonbidatuak, baina egitarauak beste bi hitzordu ditu lotuta jada, eta udazkenerako emanaldi berriak izango direla iragarri dute.

Beatriz Caballero Kultura teknikaria, Aitor Brion zinegotzia eta Alazne Mendikute Kultura dinamizatzailea, programazio berriaren aurkezpenean.
Beatriz Caballero Kultura teknikaria, Aitor Brion zinegotzia eta Alazne Mendikute Kultura dinamizatzailea, programazio berriaren aurkezpenean. (Pasaiako Udala)

Aurreko edizioak izan zuen arrakastaren ostean, ‘Kontu Kantari, Pasaiako solasaldi musikatuak’ egitasmoaren egitarau berria aurkeztu dute. Artista ezberdinak gonbidatu eta haien kantak entzuteaz gain, aurkezle batek gidatutako solasaldia izaten da ekimenaren formatua.

«Bizi esperientziak, anekdotak... denetarik izan genuen 2024. urtean», azaldu dute antolatzaileek. Adibide gisa, Garirekin izandako esperientzia ekarri dute gogora: «publikoarengana gerturatu zen, zein abesti entzun nahi zuten galdetzera, eta gertu gertutik entzun genituen bere meolodiak».

Formatu horrekin jarraituko du programazio berriak, eta momentuz hiru emanaldi berri lotu dituzte. Larunbatean (otsailak 1) izango da lehen emanaldia San Pedron, Esti eta Mikel Markezen eskutik.

«Aurreko urtean, herrian izandako gertaera latz batengatik» atzeratu behar izan zuten, «baina aita eta alabaren arteko solasaldi hau egiteko irrikatan gaude», adierazi du Aitor Brio Kultura eta Ondarea udal arloko zinegotziak. Emanaldia 19.00etan izango da, San Pedroko Udal Aretoan, eta  Oihana Maritorena aktoreak aurkeztu eta bideratuko du saioa.

Martxoaren 9an izango da bigarren solasaldi musikatua, Gontzal Mendibilekin. Donibaneko Bonantzako elizan izango da emanaldia artistak agertutako desioa betez. Marta Garcia musikan aditua eta hainbat komunikabideren kolaboratzaileak bideratuko du bigarren solasaldi hau.

Hirugarren hitzordua apirilaren 27rako da Idoia Asurmendi aramaioarra izango da gonbidatua San Pedroko Udal Aretoan. Eider Perez aktore eta idazleak gidatuko du saioa.

Lehenengo hiru saioen berri eman dute, horien atzetik gehiago etorriko direla iragarriz, udazkenerako beste solasaldi musikatu batzuk prestatzen ari direla iragarri baitute. Sarrerak bost euroan daude salgai Bibe.me plataforman.