GAUR8

Martxel Rodriguez Etxabide dantzari lesakarrarentzat da Nafarroako Ikastolen NIE 2024 saria

Martxel Rodriguez Etxabide dantzari lesakarrak jaso du Nafarroako Ikastolen Elkarteak ematen duen NIE 2024 saria. Artearen munduari, eta bereziki dantzari, egindako ekarpena aitortzeaz gain, herriarekin, kultura sustraiekin eta Ikastola Mugimenduarekin duen lotura sendoa nabarmendu dute.

Martxel Rodriguez Etxabide dantzari lesakarrak jasoko du NIE 2024 saria.
Martxel Rodriguez Etxabide dantzari lesakarrak jasoko du NIE 2024 saria. (Idoia ZABALETA)

Martxel Rodriguez Etxabide (Lesaka, 1990) dantzariak jasoko du Nafarroako Ikastolen Elkarteak ematen duen NIE 2024 saria. Horrela jakinarazi du elkarteak berak ohar bidez, urtero ematen dituen sari hauek artearen munduari egindako ekarpen bikaina aitortu eta «euskararekiko, kulturarekiko eta sustraiekiko baldintzarik gabeko maitasuna ere saritzen» duela azpimarratuz.

Rodriguezen ibilbideak balio horiek biltzen dituela azaldu dute Nafarroako Ikastolek. Lesakarra Tantiruimairu Ikastolako ikasle ohia da eta Berako Labiaga Ikastolan amaitu zuen derrigorrezko heziketa.

«Harrezkero, oso aurpegi ezaguna da, eta oso maitatua ere bere jaioterrian», adierazi dute. Horren ondoan gogoratu dute Ikastolak planteatutako hainbat ekimenetan laguntzeko erakutsitako prestutasuna.

«Dantzarekin, bere lurrarekin eta bere jendearekin duen konpromisoa parte hartzen duen jarduera bakoitzean islatzen da, ikastolan ikasitakoaren espiritua nora eta hara eramanez», adierazi dute.

Rodriguez, gainera, «gizatasunaren eredu» dela nabarmendu dute, baita Ikastola mugimenduarekin duen «lotura sendoa eta euskara era euskal kultura sustatzeko eta indartzeko egiten duen ahalegin etengabeak merezi dute gure aitortzarik handiena eta sentituena».

Fisikan graduatua EHUn, DBHko, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen prestakuntza masterra ere eskuratu zuen. Karrera ikasten zuen bitartean, dantza garaikideko klaseak hartzen zituen arratsaldeetan.

Gogoratu dutenez, 22 urterekin egin zuen opera figurazio bat Bilbon, eta bertan hasi zela dantza profesionalaren mundua ezagutzen eta prestakuntzan sakontzen.

Gaur egun, Led Silhouette bezala, Notte Morricone-n parte hartzen ari dira, Marcos Morau sortzaile nabarmenaren zuzendaritzarekin eta koreografiarekin. Gainera, birarekin jarraitzen dute beren azken bi ekoizpenekin, ‘Los perros’ (interprete gisa) eta ‘Halley’ (zuzendari gisa).

Ostegun honetan (hilak 30) izango da saria emateko ekitaldia Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan, 19.00etan.