Orain dela 50 urteko San Blas azokari buruzko ikus-entzunezkoa berreskuratu du Gerediaga Elkarteak
1973ko Abadiñoko San Blas azokan grabatutako 19 minutuko ikus-entzunezkoa berreskuratu du Gerediaga Elkarteak. Irudiok ostiralean proiektuatuko dituzte Txanportako Kultur Etxean eta datorren astetik aurrera egongo dira ikusgai webguneko ‘Garaia’ atalean.

1973. urteko San Blas ferian grabatutako 19 minutuko ikus-entzunezkoa berreskuratu du Gerediaga Elkarteak. Ostiralean proiektatuko dute audiobisual berria Txanporta plazako kultur etxean, 19.00etan, eta datorren astetik aurrera, eskuragarri egongo da ‘Garaia’ Durangaldeko biltegian.
Hemeretzi minutuko ikus-entzunezkoa da tradizio handiko azokaren irudiak biltzen dituena, editatu gabeak eta giro-soinurik gabea. Lanaren garrantzia nabarmendu dute: «garai bateko Abadiño nolakoa zen ezagutzeko, eta batez San Blas feriak zein itxura zuen ikusteko balio handiko irudiak dira».
Irudi horiek ematen duten informazioa azpimarratu dute, «Abadiñoko irudiekin batera, Zelaieta auzoko kaleak eta eraiki zaharrak» identifikatu baitaitezke, «ferialekua nola antolatzen zen ikusi, zien motatako erakusleak eta saltzaileak gerturatzen ziren Abadiñora eta 1973. urteko idi proben saioetako irudiak ere jasotzen dira».
Gogoratu dute otsailaren 3an eta 4an egin zela duela 50 urteko azoka hori. 1967tik, gainera, ‘Durangoko Merindadeko baserritar aurrerazaleentzat sariak’ ematen zituen Gerediagak berak Durangoko Baserri Zabalkundeko Agentziarekin eta Bizkaiko Aurrezki Kutxarekin batera antolatuta.

Izan ere, oroitu dute 1967an eman zela azoka berritzeko pausoa, «gaur egun ezagutzen dugun moduko feria antolatzeari» ekinez, «baserri-sariketak antolatuz eta baserri-makinaria erakutsi eta saltzen zuten ekoizleen parte hartzearekin».
Berreskuratutako ikus-entzunezkoa Gerediaga Elkartearen webguneko ‘Garaia’ atalean dago, eskualdeko memoria eta ondarea jasotzen duen espazio digitalean. «Sortzaileek ekoitzitako film edo erreportajeak plataforma bakarrean batzen dira, asmo birekin: lanak zabaltzen laguntzea eta herritarren esku-eskura ipintzea», azaldu du elkarteak.
Gogoratu du, bestalde, urte hasieran Abadiñoko Mendiola auzoko eskolaren mendeurrenaren harira egindako ‘Errekatxo’ dokumentala igo zela plataformara.
Datorren astean, San Blas feriako 50 urteko irudiak egongo dira ikusgai bertan, eta «urtean zehar, 2024an digitalizatzen ibilitako ikus-entzunezko zaharrak igotzea da asmoa».
