GAUR8

Klima aldaketak zuhaitzen hazkundearen sinkronia handitzen duela ondorioztatu du ikerketa batek

Klima aldaketek zuhaitzen hazkundean duten eragina aztertu du Alcalako Unibertsitateak eta EHUk gidatutako ikerlan batek. Ondorioztatu dute faktore horrek ale ezberdinen hazkunde homogeneoago bat bultatzen duela.

Klimak zuhaitzen hazkundean duen eragina aztertu du ikerlan batek.
Klimak zuhaitzen hazkundean duen eragina aztertu du ikerlan batek. (Julen ASTIGARRAGA | UPV/EHU)

Alcalako Unibertsitateak (UAH) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) zuzendutako azterlan batek ondorioztatu du zuhaitzen urteko hazkundea, denboran zehar, gero eta antzekoagoa dela banakoen artean.

Ikerketaren arabera, zuhaitzen tamainen heterogeneotasunak baldintzatu egiten du klima aldaketaren eragina hazkundean, eta zehazki, neurri homogeneoagoko zuhaitzak dituzten basoak dira zaurgarriagoak klima arloko asaldurekiko.

Hegoaldeko mugako pagoen urteko hazkundea jasotzen duten datuak aztertu dituzte teknika dendrokronologikoak erabilita. Aurreko mendeko 70eko hamarkadatik, zuhaitzen hazkundean dagoen sinkronia handitu egin da muturreko klima gertaeren maiztasuna handiagoa izan delako.

«Ikusi dugu basoen gaineko zuzeneko inpaktu antropogenikoek, lurzoruaren erabileran izandako aldaketen bidez, eta zeharkako inpaktuek, klima aldaketaren bidez, hazkundearen sinkronia baldintzatzen dutela, eta ale gazteak dituzten basoak direla ahulenak klima aldaketaren aurrean», adierazi du Julen Astigarraga ikerketaren egile nagusiak.

Azterlanak azpimarratzen du oso garrantzitsua dela egiturari dagokionez anitzak diren basoak mantentzea klima aldaketaren ondorioak arintzeko. Paloma Ruiz-Benitoren esanetan, «oro har, egitura anitzenak baso helduetan egon ohi dira. Baina era horretako oso baso gutxi daude Europa kontinente osoan».

«Aldi berean, ordea, oso baliotsuak dira klima aldaketaren inpaktuak arintzeko azterlan honetan agerian geratu den bezala», erantsi du ikertzaileak.

Pago motzen basoen erresilientzia

Nabarmendu dutenez, «modu harrigarrian, orain argitaratu den lanak agerian utzi du pago motzen basoek erresilientzia handia erakusten dutela klima aldaketaren aurrean».

Pago motzen basoen ezaugarri nagusia da enbor nagusian kimu ugari izatea eta ekosistema kultural eta ekologikoa osatzen dute. Oso ohikoak dira Gipuzkoan.

«Basoetako aniztasun estrukturala handitzeak, zuhaitzen hazkundean sinkronia gutxitzeaz gain, lagun dezake zuhaitzen heriotza tasa gutxitzen, karbono bahiketa indartzen eta bioaniztasuna sustatzen, eskuragarri dauden habitatak ugarituko liratekeelako», gehitu du Asier Herrero EHUko ikerlariak.

Azterlana penintsula osoko ikerlarien arteko elkarlanari eta Oñatiko bizilagunen eta basozainen laguntzari esker bideratu ahal izan da. Izan ere, datuak biltzeko prozesuan laguntza eta interesa handia izan dute.

«Ikaragarria izan da lana egiteko garaian bertako komunitatearengandik jaso dugun eskuzabaltasuna. Espero dugu azterlan honen emaitzek klima aldaketaren aurrean pagadiak egokitzen lagunduko dutela eta ez soilik Oñatin, baizik baita Europa kontinente osoan ere», amaitu du Astigarragak.