GAUR8

«Emakumeen talentua ospatuko» duen ‘Neguko’ jaialdi solidarioa egingo dute Maruri-Jataben

Otsailaren 22rako ‘Neguko’ jaialdia prestatu dute Maruri-Jataben, arte diziplina ezberdinetako artistak bilduko dituen hitzordua, helburu solidarioekin. Bost euroan salduko dira sarrerak, eta dirua Williamsen Sindromea Elkartearentzat izango da.

Alaia Martin Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren irabazlea da gonbidatuetako bat.
Alaia Martin Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren irabazlea da gonbidatuetako bat. (Jon URBE | FOKU)

Otsailaren 22an ‘Neguko’ jaialdia ospatuko dute Maruri-Jataben, musika eta arte diziplina ezberdinak bilduko dituen hitzordua «Emakumeen talentua» ardatz hartuta.

«‘Neguko’ jaialdia emakumeei musikan eta arte eszenikoan ikusgarritasuna emateko apustu sendoa da, ‘Euskal emakumeak, oholtzara’ leloari eutsiz», adierazi dute Udaletik.

«Zuzeneko kontzertuez, bertsolariez, dantzaz eta performancez gain haurrentzako jolasak egongo dira ludotekan eta ‘Food-truck’-entzako gune gastronomiko bat ere egongo da», iragarri dute antolatzaileek.

Programazioa 17.00etan abiatuko da Ianire Aranzaberen kontzertu akustiko batekin. Ondoren, Alaia Martin eta Nerea Ibarzabal bertsolariak izango dira oholtzan.

Esti Markezen kontzertu akustikoa, Mungiako Moon Dance taldearen dantza ikuskizuna eta Eva Marinen kontzertu akustikoa izango dira jarraian.

Maitane Sarralderen performanceak eta Kai Nakai taldearen kontzertuak itxiko dute jaialdia.

Williamsen sindromea

Izaera solidarioa duen jaialdia da. Sarrerak eskuragarri daude 5 euroan, eta «jasotako guztia Williamsen Sindromea Elkarteari emango zaio», iragarri dutenez.

Sarrerak udaletxean eta herriko establezimendu ezberdinetan eskura daitezke: Mailuki, Iruñea, Edulis, Ama-seme, Jatape eta Ibaiondo.