GAUR8
Gaur X urte

Bi urte Turkia, Siria eta Kurdistango lurrikaratik

Bi lurrikara izan zituzten 2023ko otsailaren 6an Turkian, Sirian eta Kurdistanen, eta hildako ugari eragin zituzten. Iturri ofizialen arabera, 50.132 hildako izan ziren. Lehen lurrikara goizaldeko laurak aldera gertatu zen eta birrindutako etxeetako biztanleak lotan harrapatu zituen.

Turkiako Hatay probintzia, lurrikararen ostean.
Turkiako Hatay probintzia, lurrikararen ostean. (US DEPARTMENT OF STATE | WIKIMEDIA COMMONS)

Hildako ugari eragin zituen 2023ko otsailaren 6an Turkia, Siria eta Kurdistan astindu zituen lurrikarak. Sismografoen arabera, goizaldeko 4.17an (Euskal Herrian 2.17ak zirenean) gertatu zen lehen lurrikara, 7,8 puntuko indarrarekin. Ordu gutxira beste lurrikara bat izan zuten, 7,5 puntukoa. Beste lurrikara bat izan zen, ez erreplika bat. Erreplikak dozenaka izan ziren. 50.132 hildako zeudela esan zuten balantze ofizialek.

1939tik Turkian izandako lurrikararik gogorrenak izan ziren. Eta ordutik hona izan da, bai, lurrikararik Turkian; esaterako, 6,9 puntukoa 1971n Bingölen 755 hildakorekin, 2011n Kurdistango Van-en (Wam, kurdueraz) 604 hildakorekin eta 2020an 7 puntukoa Izmirren, Egeo itsasoko kostaldean, 119 hildakorekin. Indarrari dagokionez, beraz, handiena izan zen 2023ko lurrikara.

Lehen lurrikararen epizentroa Pazarcik (kurdueraz Bazarcix) hiria izan zen, Kahramanmaras probintzian, Turkian, baina Siriatik apenas 60 kilometrora. Eskualde horretan Turkia, Siria eta Kurdistan elkartzen dira, Lehen Mundu Gerraren ostean ezarri ziren mugen gainetik. Lurrikara izan zenean goizeko ordu txikiak ziren eta milioika lagun etxean lotan harrapatu zituen.

Bigarren lurrikararen epizentroa Ekinözu (kurdueraz Cela) hiritik gertu atzeman zuten.