Burdin Hesiaren panela berritu eta ibilbideak seinaleztatzeko egindako lana nabarmendu du Galdakaoko Udalak
Galdakaoko Udalak Padrola-Altamirako atsedenlekuko Burdin Hesiari buruzko kartela ordezkatu du, lehengo informazioari udal web orrira bideratzen duen QR kode berria gehituz. Ganguren Mendi Taldearekin sinatutako lankidetza hitzarmenari esker hainbat ibilbide eta gune seinaleztatu direla gogorarazi dute.

Padrola-Altamira atsedenlekuan dagoen panela ordezkatu berri du Galdakaoko Udalak, eta esku-hartze horrekin batera, ibilbideen seinalizazioan egindako hobekuntzen berri eman du.
Burdin Hesiaren informazioa jasotzen zuen panelaren kasuan, «denbora pasa ahala sortutako kalteek grafismoa behar bezala ikustea zailtzen» zutela azaldu dute udal iturriek. Kartelaren berritze horretan QR kodea ere eguneratzeko aprobetxatu dutela jakinarazi dute.
Era horretara, panelaren behealdean dagoen kodearen bidez Udalaren webgunera bideratzen du, era zuzenean, gainera, Burdin Hesiari buruzko atalera, «informazio egokiagoa eskainiz».
Esku-hartzeok Udalak Ganguren Mendi Taldearekin sinatutako hitzarmenaren barruan daudela zehaztu dute. Izan ere, gogoratu dute ibilbide osasungarriak sortu, seinaleztatu eta mantentzeko lankidetza hitzarmen horren barruan, mendi elkarteak hainbat ibilbide eta kokapen seinaleztatu eta egokitu zituela pasa den urtean.
«Ganguren inguruko trokak, ibaiak eta iturriak seinaleztatu eta berreskuratu» zituzten, «Elexaldeko eta Askarriko balizajea eta seinaleztapena indartu» eta «Burdin Hesiaren eta Altamirako ibilbidearen zutoinetan seinaleak jarri» zituzten. Horrekin batera, mantentze lanak egin zituzten Erletxeko, Txaketo-Elorritxuetako eta Aranzelaiko hainbat seinale eta paneletan.
Esku-hartze horien artean, sortutako orientazio zirkuitu iraunkor berria azpimarratu dute Udaletik. Ibilbidean dauden QR kodeek elkartearen webgunera bideratzen dute erabiltzailea. «Bertan, argazkien eta datu historiko eta kulturalen bidez azaldu eta zehazten da kodea kokatuta dagoen tokia», aipatu dute erabileraren inguruan.

