‘Women in Science’ azoka zientifikoa egingo du CIC energiGUNEk ostiralean Gasteizen
‘Emakumeak Zientzian’ programaren barruan, 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ‘Women in Science’ azoka zientifikoa antolatu du CIC EnergiGUNEk ostiral honetarako. Salburua gizarte zentroan izango da, arratsaldean, 18.00etatik 20.00etara.

CIC energiGUNE ikerketa zentroak bat egingo du Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguneko ospakizunekin, eta 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ‘Women in Science’ azoka ludiko-zientifikoa antolatu du otsailaren 14rako Gasteizko Salburua gizarte zentroan, 18.00etatik 20.00etara.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikerketa eragile eta erakunde nagusiekin eta instituzio eta unibertsitateekin batera emakumeak zientzian duen rola bultzatzeko eta ikusarazteko ‘Emakumeak Zientzian’ programaren parte da CIC energiGUNE.
Ekimenaren helburuak jarraituz, ‘Women in Science’ azokan proiektu zientifikoei lotutako hainbat tailer egingo dira, ikertzaileen ordezkaritza baten parte hartze aktiboarekin eta dinamizazioarekin.
Era berean, emakumeek zientzian eta teknologian egiten duten lana ezagutarazteko hainbat antzerki eta ikus-entzunezko emanaldi izango dira.
Parke teknologikoa ezagutzeko aukera
«Modu honetan, parte hartzen duten umeek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte Euskadiko Parke Teknologikoaren Gasteizko campusean inguratzen gaituen mundua egunero ulertzen laguntzen diguten zientzialariak», azaldu dute.
Zientzian, teknologian, ingeniaritzan edo matematikan interesa duen edonork har dezake parte azokan, baina aldez aurretik izena eman behar da ‘Emakumeak Zientzian’ ekimenaren webgunean.
Azoka zientifikoaz gain, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin eta 'Emakumeak Zientzian' ekimenarekin lotutako beste jarduera batzuk ere egingo dira Gasteizen. ‘Margueriteren teorema’ (Anne Navion, 2024) filma da jarduera horietako bat. Proiekzioa Artium museoan izango da, otsailaren 13an, 19.00etan.
Horrez gain, CIC energiGUNEko zenbait ikertzaileren lana aipatzen den emakume zientzialariei eta teknologoei buruz Parke Teknologikoak antolatutako erakusketa izango da Salburua gizarte etxean.

