Forondako irudi historikoak zabaldu ditu Photo-Arabak aireportuaren 45. urteurrenaren harira
Photo-Arabak Forondako aireportuaren irudi historikoen bilduma bat jarri du ikusgai azpiegituraren 45. urteurrena ospatzeko. Argazkien artean, proiektua bultzatzeko lehen bileretakoak, inaugurazio ekitaldikoak edota Otaza herria eraitsi zeneko irudi ezagunak daude.

Photo-Arabak, argazki historikoak bildu eta zabaltzen dituen Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren sareko atariak, Forondako aireportuari buruzko ‘Aireportua ‘80’’ erakusketa jarri du ikusgai, hilabete honetan ospatu den aireportuaren 45. urteurrena dela-eta.
Saioa Echeazarra kazetariak egindako erakusketak Arabako Artxiboko bildumetan gordeta dauden hainbat argazki biltzen ditu. Irudi horien artean, proiektua bultzatu zuten lehen bilerak, aireportuaren inaugurazio ekitaldiak eta eraikitze-etapak ikus daitezke. Bilduman, Otaza herria eraitsi zeneko irudi ezezagunak ere ageri dira, bai eta bestelako bat-bateko argazki deigarri batzuk ere.
Forondako aireportua 1976tik 1980ra bitartean eraiki zuen Arabako Foru Aldundiak, lurraldea garatzeko proiektu estrategiko gisa. Kokapen eta ezaugarri ezin hobeei esker (pistaren luzera, adibidez), urtean salgai bolumen handiena garraiatzen duen Estatu espainoleko laugarren aireportua da gaur egun.
Arabako Foru aldundiko iturriek nabarmendu dute, gainera, aireportuak nazioartean duen proiekzioa eta herrialdeko etorkizun ekonomikoan duen garrantzia.
«Interneteko ekimen honekin, Arabako Artxiboak Foru Aldundiak gordetzen duen ondare grafikoa ezagutzera ematen jarraitzen du, gure Lurraldearen historiako unerik esanguratsuenak modu paregabean dokumentatzen eta lekukotzen dituena», adierazi zuen aurkezpen ekitaldian Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
