GAUR8

Balmasedako Horkasitas Jauregia txokolate eta kafe lurraldea da asteburu honetan

Asteburu honetan txokolatea eta kafearen lurraldea izango da Balmasedako Horkasitas jauregia. Gaur hasi eta igandera arte luzatuko da doako sarrera duen  BasqueTxok jaialdiaren programazioa, eta bertoko eta nazioarteko aditu ugariren parte hartzea izango du.

Txokolate eta kafea asteburuko protagonista nagusiak dira Balmasedan.
Txokolate eta kafea asteburuko protagonista nagusiak dira Balmasedan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Balmasedako Horkasitas Jauregian asteburu honetan BasqueTxok, ‘bean to bar’ txokolate eta kafe espezializatuen hirugarren edizioa egingo da, gaur bertan hasita eta igandera arte.

Txokolatea eta kafeari eskainitako jaialdian, 30 erakusle, ekoizle, barista (kafean aditua) eta bestelako profesional baino gehiago bilduko dira, produktuaren kalitatea aldarrikatzeko, marka parte hartzaileen plataforma komertziala izateko eta publikoari aukera berriak aurkitzeko, adierazi du Enkarturrek.

Horretarako, BasqueTxokek eremu hurbileneko eta Estatu frantsesa, Italia, Portugal, Britainia Handia edo Ekuador bezalako herrialdeetako erreferentzien aukeraketa berezia izango du.

Sarrera librea eta doakoa izango da, eta, horri esker, bertaratzen direnek «giroaz gozatu, salmenta gunean zehar ibili eta erakusketarien produktuak erosi ahal izango dituzte, programatutako jardueretan parte hartzeaz gain», Enkarturretik adierazi dutenez.

‘Bean to bar’ (jatorria, trazabilitatea eta artisau-prozesua ezaugarri dituzten txokolateak) kontzeptua gizarteratzeko, BasqueTxokek uztartze-gune bat izango du, eta bertan ardo portugaldar, hungariar eta frantsesekin, gaztekin, ama oreko ogiekin eta ostrekin dastatzeko.

Kafearen txokoa «munduan gehien kontsumitzen den edaria maite dutenentzako» topagune izango da. Tailer, dastatze saioak eta kafe-makina profesionalen erakustaldia egongo dira han.

Teari eskainitako guneak, bestalde, Maroko, Txina eta Erresuma Batuko tradizioen araberako erritualak eskainiko ditu, baita Japoniatik datozen teknika berriak ere.

Profesionalentzako elkargunea

Kafea eta txokolatearen inguruko ekitaldiak, gainera, Art BasqueTxok txapelketaren lehen edizioa hartuko du. Bertan, barista ospetsuek euren sormena eta zehaztasuna frogatuko dute esne apardunaren maneiuan. Erruleta batek zehaztuko ditu erronda bakoitzean birsortu beharko dituzten diseinuak, zailtasun-maila pixkanaka handituz.

Horrez gain, Kim Ossenblok barista-hezitzaileak, Maria Angeles Martin Arribas biologoak eta CSICeko ikertzaileak, Monia Achille irakasle konfiterak edo Bellantoni Cioccolatoko (Italia) Giacomo Bellantonik doako hitzaldiak emango dituzte. Aditu horiek txokolatearen eta kafearen zapore eta prozesu kimikoak, ziurtagiriak, marketina eta beste funtsezko alderdi batzuk jorratuko dituzte.

Enkarturrek, Balmasedako Udalak eta bertako Kaitxo enpresak antolatu dute jaialdia, Gasteizko Gobernuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.