GAUR8

Airearen kontrola indartu eta etengabeko monitorizazioa egingo du Alonsotegiko Udalak

Alonsotegin airearen kontrola areagotu du Udalak neurketa kanpaina osatuago eta etengabeko monitorizazio baten bidez. Hainbat kutsatzaileren inguruko datu zehatzak bildu nahi dituzte, horien araberako «erabaki informatuak» hartzeko.

Airearen kalitatearen inguruko datuak biltzeko estazioa, irudian.
Airearen kalitatearen inguruko datuak biltzeko estazioa, irudian. (Alonsotegiko Udala)

Alonsotegiko Udalak airearen kalitatearen kontrola indartu du neurketa kanpaina berri batekin. Herrian jarritako instalazioak biltzen ditu datuak, eta indarrean dagoen araudiaren arabera, kutsatzaile konbentzionalak neurtzen dituela zehaztu dute.

Prentsa ohar batean, udal Gobernuak gogoratu du «inguruan antzemandako usainen aurrean», kanpaina espezifiko bat eskatu zitzaiola Lakuako Gobernuko Administrazioaren Zuzendaritzari, «tokiko ingurunean dauden kutsatzaileei buruzko informazio zehatzagoa lortzeko».

Kutsatzaile gehiago aztertzeko

Zehaztu dutenez, eskaera horri erantzunez, ekipamendu gehiago jarri dira udalerrian, «ohiko neurketa-estazioan ez dauden kutsatzaile gehiago aztertzeko». Helburua da airearen «kalitatearen karakterizazioa hobetzea» eta horretarako datu zehatzagoak lortzea, horrek lagunduko baitu «udalerriko ingurumena hobetzeko neurri eraginkorrak ezartzen».

Neurketa kanpainak konposatu organiko lurrunkorrak (KOH), hidrokarburo aromatiko poliziklikoak eta metalak frakzio partikulatuan aztertuko ditu.

«Konposatuen hainbat familia aztertu dira, hala nola halogenatuak, aldehidoak, sufredunak, alkoholak, zetonak, eterrak, alkanoak/alkenoak, azidoak, esterrak, aromatikoak, zikloak eta nitrogenatuak», adierazi dute.

Aztertutako substantzien artean, gainera, «usain handia eta sarkorra duen H2S (azido sulfhidrikoa) bezalako gasa aztertzen ari dira.