GAUR8
Gaur X urte

Gaur bost urte hil zen Katherine Johnson zientzialari estatubatuarra

2020ko otsailaren 24an hil zen Katherine Johnson Estatu Batuetako psikologo, informatikari, espazio zientzialari eta matematikaria, duela bost urte. NASAn lan egindakoa zen programa espazialetan eta aeronautikoetan. Besteak beste, 1969an ilargira heltzeko bidea kalkulatu zuen.

Johnson, NASAn lanean.
Johnson, NASAn lanean. (Wikimedia Commons)

1969an Apolo 11k ilargira heltzeko egin beharreko ibilbidea kalkulatu zuen zientzialaria gaur bost urte hil zen. Katherine Coleman Gobe Johnson Mendebaldeko Virginian jaioa, Estatu Batuetan, psikologoa, informatikaria, espazio zientzialaria eta matematikaria izan zen.

101 urte zituela zendu zen, 1918ko abuztuan jaio zen-eta. Oso ikasle ona izan zen eta 1937an, 18 urte zituenean, ‘cum laude’ kalifikazioarekin graduatu zen frantsesa eta matematika ikasgaietan. Hurrengo urtean unibertsitatean graduatu zen lehen emakume afroamerikarra izan zen.

Irakasle bezala lan egin zuen, baina azkenean matematikari bezala aritzea erabaki zuen. Orduan, behinola NACA eta orain NASA delakoan hasi zen lanean, 1953an. 1958ra arte espazio-ontzien lebitazioak eta hauekin lotutako datuak kalkulatzen aritu zen.

Beste zeregin batzuetatik igaro ostean, 1969an gizaki bat ilargira historian lehen aldiz bidali zuen Apolo 11 ontziak ilargira joateko egin beharko zuen distantzia kalkulatu zuen. 1970ean NASAk ilargira beste ibilbide bat egin zuen, baina porrot egin zuen eta Johnsonen zeregina izan zen itzulerako ibilbidea kalkulatzea lau egunean, astronauten bizia salbatzeko. Marteko bidaietan laguntzen aritu zen erretiroa hartu zuen arte.