GAUR8

Mondragon Unibertsitateak 60 urtetik gorako lagunentzako prestakuntza eskaintza bat jarriko du martxan

Mondragon Unibertsitateak 60 urtetik gorakoei zuzendutako prestakuntza eskaintza jarriko du abian. Curriculum berri gisa planteatuta, etengabeko ikaskuntzarako fiolosofian sakondu eta belaunaldien arteko harremanetarako elkargune ere izan nahi du.

Eskaintza berria 60 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago.
Eskaintza berria 60 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. (Jon URBE | FOKU)

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 60 urtetik gorakoentzako prestakuntza eskaintza bat jarriko du martxan, adinekoentzako ikasgelak eta ikaskuntza-esperientziak sortu, belaunaldien arteko esperientziak sustatu eta ibilbide pertsonalizatuagoak sortzeko.

Eskoriatzako Olazar Jubilatuen Elkarteak eta Fakultateak programa pilotu bat diseinatu dute batera. Horren barruan, lehenengo saioa egin zuten pasa den astean. Parte hartzaileek Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea ezagutzeko aukera izan zuten eta unibertsitateak bizitza osoan ikaskuntzan duen funtzioaz hausnartu zuten Nagore Ipiña dekanoarekin eta Karmele Perez Fakultateko Etengabeko Prestakuntzako koordinatzailearekin.

Bigarren jardunaldia astelehen honetan izango da eta, bizitza osoko ikaskuntzari buruz hausnartzeaz gain, sare sozialak jorratuko dituzte «inguratzen gaituen mundua ulertzeko» baliabide gisa.

Helburua adineko pertsonak hurbiltzea da, prestakuntza, kultura eta gizarte esperientzia bat eskaintzeko, «unibertsitatea etengabeko ikaskuntzarako, gizartea eraldatzeko eta belaunaldien arteko eta komunitatearekiko harremanak sustatzeko gunea dela erakusteko».

Jardunaldi hau 2025-2028 Plan Estrategikoaren proposamen berrietatik abiatzen da.

Horrela, fakultateak graduetara, garapen akademikora eta profesionalizaziora soilik zuzendutako eskaintza bat izatetik 60 urteko curriculum bat eskaintzera igaroko da, aldez aurreko bizitza-esperientzia eta esperientzia akademiko ugari dituen adin-talde zabalago bati erantzungo diona.