GAUR8

Ozeanoetan biltegiratzen den karbonoaren deskonposiziorako funtsezkoak diren bakterioak aurkitu dituzte

Karbonoaren ziklorako funtsezkoa den konposatu bat deskonposatzen duten itsas bakterioak aurkitu ditu Azti euskal ikerketa zentroa buru duen ikerketa batek. Nabarmendu dute aurkikuntza berriak ekar ditzakeela biomedikuntza bezalako arloetan, eta klima globalari eragiten dioten karbono fluxuen ezagutzan.

Alga arren zeluletan dagoen fukoidana polisakarido konplexua aztertu dute ikerlanean.
Alga arren zeluletan dagoen fukoidana polisakarido konplexua aztertu dute ikerlanean. (Azti)

Azti euskal ikerketa zentroa buru duen ikertalde batek «karbonoaren ziklorako eta klima globalerako funtsezkoa den konposatu bat deskonposatzen duten itsas bakterioak» aurkitu ditu.

Aurkikuntzak duen garrantzia nabarmendu dute, itsas ekosistemetan gertatzen den CO2 bahiketari buruzko ezagutza berriekin lotuta baitago, eta horrek atea irekitzen du bioteknologia, biomedikuntza eta biofindegitza bezalako arloetan berrikuntzak egiteko.

Alga arren zelula-paretan fukoidana izeneko polisakarido konplexu bat dago. «Organismo horiek ozeanoetan oso banatuta daude, eta funtsezko zeregina dute klima globalaren erregulazioan», azaldu du itsas ingurunean eta elikaduran espezializatuta dagoen euskal zentroak.

Ozeanoetan izaten den prozesu horren inguruan, erantsi dute algek fotosintesi bidez harrapatutako karbonoaren biltegiratze funtzioarekin lotuta dagoela. «Prozesu horrek atmosferan karbono dioxidoa (CO2) murrizten laguntzen du. Hala ere, itsasoko bakterioek fukoidanaren karbonoaren birziklatzean nola eragite duten jakitea mugatua da oraindik», adierazi dute Aztiko iturriek.

Bada, makroalga arre batetik mikrobiomako bi bakterio a-andui isolatzea lortu dute ikertzaileek. «Aurrerapen zientifiko horrek ikuspegi berriak eskaintzen ditu bakterio-komunitateek itsas ekosistemek CO2 harrapatzeko duten eraginkortasunari buruz. Gainera, degradazio horren arduradun diren entzimen aurkikuntzak atea irekitzen die biomedikuntzaren eta biofindegiaren sektoreetan aplikazio bioteknologikoak egiteko», azpimarratu dute.

Amazoniako oihanaren pare

Aurkikuntzak izan dezakeen proiekzioa nabarmentzeko, ikerketa zentroak gogoratu du makroalgen itsaspeko basoek karbono kantitate esanguratsuak finkatzen dituztela, Amazoniako oihana bezalako ekosistemekin aldera daitezkeenak.

Laura Alonso-Saez ikertzailearen esanetan, bahitutako karbono kopuruan eragina duen ikerketa lerro honek inpaktua izan dezake klima mailan, baina horrez gain, «bakterioek naturan dagoen polisakarido konplexu eta bioaktiboenetako bat degradatzeko erabiltzen dituzten mekanismoen» inguruan lortu duten ezagutzak ondorioak izan ditzake bioteknologian eta biomedikuntzan.

Aipatu dutenez, «fukoidanaren deskonposizio mikrobioanoaren tasa funtsezko faktorea da atmosferara itzuli aurretik karbonoak ozeanoetan zenbat denbora gordetzen duen zehazteko». Horregatik, ikertzaileek funtsezkotzat jotzen dute prozesu horren atzean dauden mekanismoak ulertzea, «karbono fluxu globalei buruzko egungo zenbatespenak hobetzeko eta ‘karbono urdina’ izenez ezagutzen diren itsas ekosistemetan izango diren ondorioak zehaztasun handiagoz aurreikusteko».