Miren Etxezarreta ekonomialariari elkarrizketa aste honetako GAUR8n

Astero legez, Zebrabidea saioan izan gara aste honetako GAUR8ren aurrerapena eskaintzeko. Kasu honetan, Etxezarretari egindako elkarrizketa izan da nabarmendu nahi izan dugun gaietako bat. Pobreak eta aberatsak zergatik dauden ulertzen saiatu izan da beti, eta egungo errealitatearen irakurketa zorrotza egiten du.

Ekonomialaria, marxista, Katedraduna, mugimendu eta borroka sozialetan eskutik aritu dena... Miren Etxezarreta Zubizarreta (Ordizia, 1936) 89 urte betetzear da, eta ibilbide eta obra oso oparoa ondu du. Ezohikoa ere bai, adin buelta horretako emakumeen artean ez baitira asko unibertsitatean ikasteko aukera izan dutenak, ezta bertan irakasle eta ikertzaile izan direnak ere.

Ordiziako Udalak aitortza egin nahi izan dio, eta bere lanak sailkatu, artxibatu eta digitalizatu ditu berriki. Guri aitzakia polita iruditu zaigu berarekin elkartu eta bere bizitza eta pentsamenduari errepaso bat emateko: London School of Economics-eko egonaldia, Bilboko Fakultateko trabak, pobre eta aberatsekiko kezka, ekonomia marxistaren ulerkera... kapitalismoak nekazaritzan, pentsioetan eta beste zenbait esparrutan nola eragiten duen ikertu ostean, honakoa da bere oinarrizko tesia: «pobreak daude aberatsak daudelako».

Horrez gain, beste hainbat gai ere landuko ditugu GAUR8n: Ipar Euskal Herriko arrantzaleen egoera zaila, Mileiren fenomenoa ulertzeko gakoak, galzorian den hizkuntza baten 7.500 hitz jaso dituen hiztegia... eta, nola ez, datorrenari, astean zehar gertatutakoari eta errealitate sozialaren ertz ugariri erreparatuko dioten begirada aberatsak.