Azken kanpainan lortutako diru-bilketa eta ikusgarritasuna nabarmendu ditu Angelman Sindromea Elkarteak
Angelman Sindromea Elkarteak Estatu mailan egindako azken kanpainako diru-bilketan lortutako kopurua eta sareetan egindako ahaleginari esker irabazitako ikusgarritasuna nabarmendu ditu. 17.000 euro bideratuko dituzte gaixotasunaren ikerkuntzara.

Angelman Sindromearen Elkarteak pasa den otsailean Estatu mailan martxan izan zuen sentsibilizazio kanpainaren emaitzak nabarmendu eta jasotako babesa eskertu du prentsa ohar batean.
Balorazioa oso positiboa da sentsibilizazioari dagokionean, eta bildutako dirua kontuan hartuta. «Familien, boluntarioen eta laguntzaileen esfortzuari esker 17.000 euro bildu dira, eta diru hori osorik gaixotasun arraro honen ikerketa bultzatzera bideratuko da», adierazi du elkarteak.
Sare sozialetan egindako lana ere nabarmendu dute elkartetik. «Jarduera bizi» horrek komunitatea sendotzea eta bere ikusgarritasuna handitzea lortu duela azpimarratu dute. Adibide gisa aipatu dute elkarteak 200 jarraitzaile berri dituela eta 82.500 kontutara iritsi dela Facebook-en. Datuek kausarekiko interesa eta gero eta sostengu handiago bat erakusten dutela azpimarratu dute.
Arlo digitalean egindako lanaren ondoan, herrietan egindako ekimenek duten garrantzia ere aipatu dute. Joseba Antxistegi elkarteko presidenteak esan du «oso pozik» daudela bazkideen lanarekin eta eskerrak eman dizkie «ekarpen bat egin duten Angelman Sindromea zer den zabaltzen lagundu diguten guztiei. «Diru-bilketaz harago, hilabete hau funtsezkoa izan da gure errealitatea eta gure familien eguneroko bizitza ezagutzera emateko», esan du.

