GAUR8

Seigarren kontinenteari eskainitako jarduerak izango dira 15ean eta 16an, Pozalagua anfitrioia duen XV. Kobazuloen Egunean

Hurrengo asteburuan, martxoaren 15 eta 16koan, Euskal Herriko Kobazuloen Eguna ospatuko dute leizeek egitarau eta bisitarientzako eskaintza bereziekin. Aurten, Pozalagua da anfitrioia, eta besteak beste geologia protagonista izango duen hitzaldi-tailer bat izango du.

Pozalaguako kobazuloak, artxiboko irudian.
Pozalaguako kobazuloak, artxiboko irudian. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Martxoaren 15 eta 16ko asteburuan, XV. Euskal Herriko Kobazuloen Eguna ospatuko da, askotan ezezagun ditugun naturagune horiek ezagutzeko aukera emanez. Horretarako, egitarau bereziak prestatu dituzte. Pozalaguan, esaterako, geologiaren betaurrekoak jantzi ahal izango dituzte parte hartzaileek.

«Seigarren kontinentea deskubritzeko aukera ematea» Arrikrutz-Oñatiko kobek, Ekainberrik, Isturitz-Oxozelhaya kobek, Mendukiloko kobek, Pozalaguakoek, Sarako Leizeak, Sorginen Kobek (Zugarramurdi) eta Urdazubiko leizeak amankomunean duten helburua da. Horretan dihardu 2008an jaiotako Lurpea elkarteak.

Kobazuloen eguna ospatzeko, asteburuan %50eko deskontua egingo dute sarreretan, eta zozketa ezberdinak prestatu dituzte: bi gaueko asteburuko egonaldiaren zozketa, gosaria barne, Karrantza Haraneko Alma de Romero hotelean, ekimenean parte hartzen duten kobazulo guztietan sartzeko hamar bonu eta zonalde ezberdinetako produktuen saskia.

Pozalagua, anfitrioia

Aurten Pozalagua izango da ospakizunen anfitrioia, eta proposamen ezberdinak bilduko ditu. Asteburuan, 2x1 eskainiko dute sarreretan, baina horrez gain Jardunaldi Geologikoak egingo dituzte, Javi Moreno espeleologoaren eta EHUko Laura Damas eta Arantza Aranburu geologoen eskutik.

‘Irati’ filmaren proiekzioa egingo dute Karrantzako Kultur Etxean, eta ‘Pozalagua: iluntasuna argitzen denean’ ikuskizunaren pase beresia egingo dute.