Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Mariupoleko Antzoki Dramatikoari erasoa gogoratu dute Kieven

Hiru urte dira Errusia eta Ukrainaren arteko gerraren ondorioz, babesleku bezala erabiltzen ari ziren antzokia bonbardatu zutela. Biktimen inguruan misterio handia egon arren, gertatutakoak eragin handia izan zuen.

Kieveko Opera Nazionalaren aurrean ekitaldia egin zuten pasa den igandean. Egun horretan hiru urte bete ziren Errusia eta Ukraina arteko gerraren baitan, Mariupoleko Antzoki Dramatikoa bonbardatu zutela. 2022ko martxoaren 16an zibilen babesleku bezala erabiltzen ari ziren antzokia guztiz suntsitu zuten.

Ukrainarrek erasotzaileak errusiarrak zirela salatu arren, Errusiak probokazio bat izan zela esan zuen, eta Azov Batailoi neonaziari egotzi zion errua. Gerra honetako erasorik larrienetakotzat hartzen bada ere, misterio handia dago biktimen inguruan.

Izan ere, Mariupoleko udalak adierazi zuenez, 1.000 pertsona inguru zeuden barruan, horietako asko haurrak. Alkateak 300 pertsona hil zirela esan zuen, baina datuak ez daude batere argi. Hiria, Donbass eskualdean kokatua, estrategikoa da 2014an hasi zen gatazka honetan.

Polemika sortu zen, ustez, zerutik ikusi ahal zitezken kartelak zeudelako, non «haurrak» hitza irakurtzea posible zen. Hori dela eta, Amnesty Internationalek uste du zibilen kontrako eraso zuzena izan zela. «Une batean dena aldatu zen, dena airetik atera zen. Jendea garrasika hasi zen. Dena hautsez beteta zegoen. Jendea odoletan ikusi nuen. Gure dokumentuak hartu eta atera egin ginen bertatik. Pertsona batzuek ez zuten hainbeste zorterik izan», antzokian babestuta zegoen 20 urteko neska baten hitzak zabaldu zituen Amnesty Internationalek.