GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Orain 83 urte argitaratu zuen Albert Camusek ‘Arrotza’ nobela

«Ama gaur hil da. Edo baliteke atzo, ez dakit». Hauek dira ‘L'Étranger’ –euskaraz, ‘Arrotza’– nobelaren lehen lerroak. 1942ko martxoaren 4an argitaratu zuen Albert Camusek bere lehen eleberria izango zena eta bere lanik adierazgarrienetako bat.

‘Arrotza’ liburuaren azala. (EREIN)

Albert Camus (1913-1960) Aljerian jaio zen eta bertan bizi izan zen haurtzaroan eta gaztaroan, inoiz ahaztuko ez zuen pobreziaren eta Mediterraneoko eguzkiaren ezaugarripean.

1914ko gerran hil zitzaion aita. Ama, berriz, nekez hitz egiten zuena zen, apenas irakurtzen zekien. 17 urterekin, ikasle iaioa tuberkulosiak jota geratu zen. Garai hartan ezagutuko du Camusek filosofia, eta laster sumatuko zuen idazteko grina ere.

Parisera joan eta kazetari lanetan jardun zuen. II. Mundu Gerran erresistentzian aritu ondoren, ‘Combat’ aldizkariaren zuzendari izan zen. Hain justu, naziek Frantzia okupatu zutenean idatzi zuen bere lehen eleberr¡a, eta garai horretan argitaratutako testu bakanetakoa izan zen. ‘Arrotza’ (Erein) euskarara ekarri zuen Josu Zabaletak 2017an. 

Eleberri honekin, Albert Camusek nazien eta okupazioaren alegoria bat islatu nahi zuen. ‘Arrotza’ absurdoaren filosofiarekin, psikologiarekin eta existentzialismoarekin lotu ohi da, nahiz eta Camus beti aldendu zen azken etiketa horretatik. Protagonista, Meursault, aljeriar frantses bat da, inguruko errealitatearekiko axolagabea eta, beraz, ‘atzerritar’ gisa eratzen da bere ingurunea izan beharko lukeenaren barruan.

‘Misterio’ antzeko bat dago nobela honen inguruan: iaz milioi erdi euroren truke saldu zuten liburuaren kopia bat Camusek berak idatzita. Adituen arabera, Literaturako Nobel saridunak 1944an idatzi zuen, eskuz, nobelaren kopia hau «bere diru beharrak asetzeko». Hau da, eskuz kopia bat egin, zaharkituaren itxura eman –nahita zikindu zituela orriok esan zuen idazlearen alabak– eta bildumagile bati saldu zion Camusek.

Liburu ikoniko honen bi eskuizkribu baino ez dira ezagutzen. Bat Estatu frantseseko hegoaldeko liburutegi batean dago gordeta. Bigarrena, ‘Millot eskuizkribua’ bezala ezagututa, bere lehenengo eroslearen izenagatik, behin baino gehiagotan saldu izan da, dirutzagatik. Iazko enkantean hamar minutuan saldu zuten, ziztu bizian.