Mikel Zubimendi Berastegi

Corbynen porrota ezkerraren ilusioen amaiera al da?

Porrot historikoa izan da. Porrota baino gehiago, suntsiketa. Ezkerrekoak garenontzat, Jeremy Corbynek ez ditu bakarrik hauteskundeak galdu, berarekin ezkerraren azken ilusioak ez ote diren galdu susmoa handitu da. Abertzale garenez gero, Irlandako eta Eskoziako anai-arreben emaitza oso politekin kontsolatu gaitezke. Baina Corbynekin gertatu dena, gainetik bada ere, aztertzekoa da. Izan ere, 1935. urtetik ezagutzen ez zuten porrot kataklismikoa izan dute laboristek, ia hamarkada bat oposizioan egon eta beste hamarkada batez gobernutik kanpo egotera kondenatu ditzakeen porrota.

Zer gertatu da? Zer ondorio atera behar ditu ezkerrak? Zer ikasi eta zer ez da ikasi behar? Erantzun motza den-dena Brexitaren errua izan dela pentsatzea da. Horrek, baina, ez du den-dena esplikatzen.

Ezkerraren, munduko ezkerraren, ilusio asko galdu dira. Hauteskunde sistema tranpati eta ustela izanda ere, demokrazia erreal batean bizi garela, errotikako aldaketak posible direla, ilusio horien guztien porrota ere izan da. Sistema honetan botereak ez du sekula gizartearen eta planetaren aurrerabidearekin erradikalki engaiatutako sozialista batek gobernua hartzen utziko, klase korporatiboaren boterea ez du galtzen utziko. Hori baieztatu da Britainia Handian eta aitortzea ez da galtzaile txarra izatea.

Laborismoan barne borroka fratizida dator orain, hori aurreikusten dute denek. Corbynen eta Tony Blairren jarraitzaileen artean. Eta borroka igualtsua espero daiteke AEBetan ere. Bernie Sanders eta Alexandria Ocasio-Cortez bezalako sozialisten eta Joe Biden eta clintontarren klanaren artekoa. Baina Corbynek haragitzen zuen ideia hil egin al da? Dimisioa aurkeztu du eta alderdi laboristak liderra aldatuko du, baina bere ideologia eta programa ere aldatu behar al dira?

Ez, ez da egia sozialismoa ardatz zuen hauteskunde programaren errua izan dela dena. Industriaren, uraren edo trenbideen nazionalizazioa proposatzea, adibidez, ez da adituek dioten bezala historian inoiz idatzi den suizidio-ohar luzeena. Egia da, baina, buruari bueltak ematekoa, proposamen horiek hauteskunde programa edo manifestu bezala ez dutela egiazki axola, hauteskunde estrategia bezala ahulegia izan direla. Gisako plan eta politikek ez dituztela gehiengoak ziurtatzen hauteskundeetan, ez dutela berez boto-emailea mobilizatzen, nahiz eta beren detaileek nola gobernatuko litzatekeen aurreratu dezaketen.

Aztertzekoa da Jeremy Corbyn pertsonaia eta nortasun bezala hiltzeko, Britainia Handian inoizko lider inpopularrena bilakatzeko operazio itzela. Tabloide eta hedabide handiek hilabeteak eman dituzte horretan. Egun, adibidez, jende gehienak uste du Corbyn antisemita dela horren froga bat bera ere izateke. Adituek onarpen gabezia hori azaltzeko esango digute nortasunez karismarik gabeko hippy bat zela, bere politikekin herrialdea infernu marxistara kondenatu nahi zuen komunista, bere aliatuengatik segurtasun nazionalerako arrisku, eta jakina, antisemita dela errotik.

Ezkerrekook, desesperantza uneetan, behin eta berriz, “irabaz dezakegu”, “irabaziko dugu” zenbat aldiz ez ote dugu errepikatu! Normala eta egia ere bada, bai. Irabazteko, baina, orrialdea pasatu eta plaza publikora atera behar da, txosten politikoekin baino gehiago, sinplea eta emozionalki indartsua den mezu batekin armatuta. •