Iker Barandiaran

Hunkitzearen prezioa

Berri Txarrak-en agurreko kontzertuetako batean izan nintzen, azken-aurrekoan. Ez naiz only-one-band-zale horietako bat eta nahiz eta musikarekin izugarri gozatu –edo agian horregatik– ezinezkoa zait talde kuttun bakarra aukeratzea. Baina bada halako jende asko eta, jakina, erabat errespetagarria da.

Errespetu eta miresmen handia diet taldeari eta taldekideei. Egin duten ibilbideagatik, handitasunean (oraindik ere) duten umiltasunagatik, duten jarreragatik… eta onena opa diet ezbairik gabe. Baina hori guztia esanda ez dut bat egiten Berri Txarrak-en faltan euskal rocka umezurtz gelditu dela diotenekin. Nahiz eta egia den txikitasunetik, inurri bidea eginez –eta jarrera aldatu gabe– lortu duten guztia sinesgaitza dela. Berri Txarrak-ek asko sortu du, asko eman du, asko partekatu du eta gure hizkuntza zein herriarentzat bide berriak zabaldu ditu, baina badira beste talde asko eta baita bestelako bideak ere; batzuk bidezidorrak baina betiere aurrera egiten dutenak.

Berri Txarrak-en kontzertuetatik txunditzen nauen beste gauza bat da ikus-entzuleek taldearekiko duten atxikimendua: berdin dio Europako zein hiritan jo izan duen taldeak azken urteotan euskal diaspora (nolabait esatearren) han izan dela. “Madrilen gaude?”, galdetzen zuten askok eta askok.

Gorkaren hitzak eresi eta norbere bizitzaren parte bihurtu dira askorentzat; eta hala bizi dute kontzertuetan. Beti da itzela agertoki gainean zaudela feedback hori jaso eta bizi izatea, baina Lekunberrikoen kasuan ia sinesgaitza da.

Eta agur esan digun hirukoteari buruz gogoan dut duela zenbait urte zutabegile batek “Argia”-n eztabaida piztu zuela esanez (gutxi gorabehera) taldea ez zela erreferentea zale askorentzat zuen caché altuagatik. Horren aurrean askok eta askok taldea sutsu defendatu eta zutabegilea (idatziz) egurtu zuten. Jakin badakit BTX taldeak caché altua duela, baina argi dago baita ere ikusle ikaragarri kopuru erraldoia mugitzen duela eta, ondorioz, jende askok egiten duela lana beraiekin batera.

Eta, hori horrela izanda ere, onartu eta txalotu behar da beraien ibilbide osoan –baita ere oso-oso ezagunak bilakatu zirenetik– beraien ekimen propioz egin eta egiten dituztela makina bat kontzertu gaztetxe eta bestelako gune esanguratsu txikiagoetan.

Zutabegileak idatzi zuenaren harira, hausnarketa bat egin nahi nuke. Musika talde baten musika eta hitzak erabat barneratzen ditugunean, propio egiten ditugu, hau da, gure bizitzako parte bilakatzen ditugunean, idealizatu egiten dugu taldea eta bere inguruko guztia. Izan behar dute puruak, guk nahi ditugun modukoak, ezin diote guk egindako irudiari uko egin! Horixe bera gertatzen zaio jende askori, eta are gehiago euskal taldea bada, hurbilekoa. «Nolatan bada eskatu ahal dute ez dakit zenbat mila euro, horixe abesten badute?».

Aspaldiko eztabaida bada ere, erraz asko onartzen dugu beste edozein lanbide duenak modu duinean kobratzea, baina ez hain justu musikariek. Maite ditugu, jarraitzen ditugu, elikatzen ditugu… baina ez dugu horiek haztea nahi. Izan dadila dena idilikoa…

Bada, sortzaile ororen gisa izan dezatela aukera hazteko, duintasunez bizi izateko eta ahal duten besteko koherentziaz aurrera egiteko.

Horixe opa diet Lekunberrin sortutakoei zein publikoarekin konektatzea eta horiek hunkitzeko lan egin eta hala lortzen dutenei gutxienez, horiek baitira belaunaldiz belaunaldi ilusioa eta kemena ematen digutenak. •